Mundua -

Erresuma Batua

Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministro berria

Boris Johnsonek agindu du Erresuma Batua urriaren 31an aterako dela Europar Batasunetik eta brexit-a gauzatzeko "akordio berria eta hobea" negoziatuko duela Bruselarekin.

Boris Johnson. Argazkia: EFE
Boris Johnson.
Boris Johnsonek Erresuma Batuko lehen ministro kargua hartu du

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministro berria da jada. Buckingham Jauregian egindako ekitaldi xume batean hartu du kargua eta Isabel II.ena erreginak Gobernua osatzeko eskatu dio.

Alderdi Kontserbadorearen primarioetan gailenduta, joan den asteartean baieztatu zen Johnsonek hartuko zuela Theresa Mayren lekua eta gaur ofizialki bilakatu da Erresuma Batuko lehen ministro.

Kargua hartu ostean, Johnson Downing Street kaleko egoitza ofizialera joan da eta han bere lehen agerraldia egin du lehen ministro gisa.

Johnsonek agindu du Erresuma Batua urriaren 31an aterako dela Europar Batasunetik eta brexit-a gauzatzeko "akordio berria eta hobea" negoziatuko duela Bruselarekin.

Orain arte Europar Batasunak uko egin dio Theresa Mayrekin 2018an adostu zuen ituna berriro negoziatzeari, baina Johnsonek azpimarratu du itun berri bat lortzeko gai izango dela.

Datozen orduetan izendatuko ditu bere Gobernuko ministroak eta, batez ere, brexit gogorraren aldeko politikariak hautatuko dituela espero da.

Isabel II.ena erregina denetik, 1952tik, Erresuma Batuak 13 lehen ministro izan ditu eta Johnson 14.ena izango da.

Mayk ekainaren 7an eman zuen dimisioa, brexit-a gauzatzeko prozesuan porrot egin eta gero; izan ere, Erresuma Batuko Parlamentuak hiru aldiz bota zuen atzera Mayk Europar Batasunarekin negoziatutako ituna.

Alderdi Kontserbadorearen primarioetako kanpainan, Johnsonek agindu zuen Erresuma Batua aurreikusitako datan -urriaren 31n- aterako dela Europar Batasunetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Elisabet II.a erregina Britainiar lehen ministro ohia