Mundua -
Errusia
Nalvani pozoitua izan ote den beldur agertu da
Errusiako Parlamentuz kanpoko oposizioko burua ospitalera eraman zuten igandean; bertan, "ukitzeak eragindako dermatitisa" diagnostikatu zioten eta espetxera bidali zuten berriro.
Agentziak | Erredakzioa
Alexei Navalni Errusiako Parlamentuz kanpoko oposizioko buruaren esanetan, bera ez da alergikoa eta pozoitua izan ote den beldur agertu da, baina haren kartzelariak izan direnik ukatu du.
Navalni igandean eraman zuten ospitalera eta bertan "ukitzeak eragindako dermatitis bat" diagnostikatu zioten.
Anastasia Vasilieva haren medikuaren arabera, aldiz, politikaria "substantzia kimiko ezezagun batekin" pozoitua izan da.
Ildo horretan, alergiarik ez dituela esan du opositoreak. Bestalde, bere gelako segurtasun kameren grabazioak eskatu dituela jakinarazi du, norbaitek haren gauzak ukitu ote dituen ikusteko.
Navalnik haren blogean idatzitakoaren arabera: Pozoitua izan ote naiz?
"Norbait sartu ote zen nire gelan? Ez dut uste polizia izan denik, nire itxura eta gertatzen ari zitzaidanarekin ni baino hunkituagoak baitzeuden", idatzi du. Navalniri, besteak beste, begiak eta betazalak "ping pong pilotak bailiran" handitu zitzaizkion eta lepoa gorritu zitzaion, hark idatzitakoaren arabera.
Ospitalean 24 orduz egon ostean, atzo (astelehena) espetxera bidali zuten.