Mundua -
HAURRAK ETA GATAZKA ARMATUAK
2018a, gatazka armatuetan haur gehien hil eta zauritu ziren urtea: 12.000tik gora
Nazio Batuen Erakundeak haurren giza eskubideen 24.000 urraketa baino gehiago egiaztatu zituen iaz, 20 gatazka armatutan. Somalian bizi dute egoerarik larriena 1.000 hildako baino gehiagorekin.
EITB.EUS
12.000 adingabe hil edo larri zauritu ziren 2018. urtean mundu osoan zeharreko gatazka armatuetan, Nazio Batuen Erakundeak haurrak eta gatazka armatuak aintzat hartuta urtero egiten duen txostenaren arabera. Gauzak horrela, 2018a izan da Nazio Batuen Erakundeak datuak dituenetik urterik odoltsuena.
Nazio Batuen Erakundeak haurren giza eskubideen 24.000 urraketa baino gehiago egiaztatu zituen iaz, 20 gatazka armatutan.
24.000 horietatik erdiak baino gehiago hil edo larri zauritu ziren, bereziki, lehergailuengatik, pertsonen kontrako minengatik edota gatazka armatuen baitako bestelako egoeratan. Estatuz gaindiko talde armatuak, talde armatu estatalak eta nazioarteko indarrak izan dira giza eskubideen urraketa horien erantzule. Somalian bizi dute egoerarik larriena 1.000 hildako baino gehiagorekin.
Halaber, 2018an 7.000 haur baino gehiago errekrutatu dituzte gerrarako, bai borrokarako edota bigarren lerroan aritzeko. Somalian daude haur soldadu gehien, Nigeriaren eta Siriaren aurretik.
Bahitutako haurren kopuruak ere gora egin du. Guztira, 2.500 baino gehiago atzeman zituzten iaz, erdiak baino gehiago Somalian.
Bestalde, milaka haur atxilotu dituzte mundu osoan zehar, ustez, talde armatuekin lotura dutelakoan. NBEren arabera, Sirian eta Iraken daude gehienak eta horietako asko 5 urtetik beherakoak dira.
Virginia Gamba NBEko ordezkariak azaldu duenez, datu horiek "kontserbadoreak" dira. Salatu duenez, azken urteetan gatazka egoeratan dauden haurrak babesteko bitartekoak murriztu egin dira eta horrela jarraituz gero NBEk ez omen du gainbegiratzeko modurik izango.
Egoera larriena, Somalian
Gatazka egoeran dauden herrialde guztien artean Somaliakoa da kasurik larriena. 2018an 1.000 haur baino gehiago hil edo zauritu zituzten, 2.300 haur errekrutatu zituzten, 375 atxilotu zituzten eta 331k sexu abusuak jasan zituzten.