Mundua -
Hondoratzeak
25 pertsona hil dira Filipinetan izandako hiru hondoratzetan
Hildakoak Chi-chi eta Jenny Vince ontzietakoak dira eta haien artean adingabeko bat dago. Keziah ontziko tripulatzaile guztiak bizirik irten dira.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Gutxienez 25 pertsona hil dira Filipinetan izandako hiru hondoratzetan; 55 pertsona bizirik erreskatatu dituzte, eta hamar bat desagertuta daude.
Hondamendi Arriskuen Kudeaketa eta Murrizketarako Kontseilu Nazionalak (NDRRMC) dioenez, hondoratzeak larunbat arratsaldean gertatu ziren, Iloilo hiriko eta Guimaras uharteko itsasartean, euriaren eta itsasoaren egoera kaxkarraren ondorioz.
"Erreskate lanek martxan jarraitzen dute. Eguraldiak hobera egin du, beraz, larrialdi zerbitzuek lanean dihardute. Hamalau gorpu berreskuratu dira gaur", adierazi du Donna Magno NDRRMCko bozeramaileak.
Hildakoak Chi-chi eta Jenny Vince ontzietakoak dira eta haien artean adingabeko bat dago. Keziah ontziko tripulatzaile guztiak bizirik irten dira.
Bilaketa eta erreskate lanek martxan jarraitzen dutela nabarmendu du Kostazaintzako Armand Balilo kapitainak, baina debekatu egin dute eskualdean nabigatzea.
Agintariek eguraldi txarrari eta Hanna depresio tropikalak eragindako montzoiei leporatu die hondoratzeen errua. 24 ordutan 60 eta 80 kilometro orduko ekaitz tropikala bilakatu daiteke.
20 tifoi eta ekaitzek astintzen dituzte Filipinak urtero, Ozeano Bareko tifoien gerrikoan kokatuta baitago. Hondamendi natural gehien dituen munduko herrialdeetako bat da.