Mundua -

Lau eguneko bidaia ofiziala

Elisabet II.ak omenaldia egin die Irlandako independentzian hildakoei

Elisabet II. segurtasun neurri handien artean heldu da Dublinera. Irlandako Poliziak lehergailu bat atzeman du autobus batean eta Armadako artazilariek zartarazi egin dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elisabet II.a erreginak lore sorta bat utzi du askatasun nazionalaren defentsan hildako irlandarren alde, eguneko ekitaldirik garrantzitsuenean; ekitaldia Oroimenaren Lorategian, Parnell Square plazan, egin dute, erreginak Irlandan egingo duen lau eguneko bisitaren ekitaldien barruan.

Ekitaldian ez da jendetza ugari izan, Irlandako Poliziak segurtasun neurri handiak ezarri baititu; plaza hori erabat isolatua egon da, erreginak protestarik entzun ez zezan.

Sinn Fein alderdiaren (dagoeneko ekimenik egiten ez duen IRA talde armatuaren ‘beso politikoa’ zena) bulegoak lorategi horren atzean daude, eta alderdi horretako kideak egoeraz baliatu dira, zerura puxika beltzak aireratuz erreginaren aurka protesta egiteko.

Elisabet II.a erreginak lau eguneko bidaia ofiziala hasi du Irlandan. Segurtasun neurri handien artean heldu da Dublinera. Duela 90 urtetik, hau da, 1921ean Irlandak independentzia lortu zuenetik, monarka britainiar batek bertara egiten duen lehen bidaia da. Elisabet II.a bere senarrarekin, Edinburgoko dukearekin, heldu da Dublingo aireportura, eta bertan Irlandako Ohorezko Guardiak eta Eamon Gilmore Kanpo Harremanetarako arduradunak egin diote harrera.

Elisabet II.a bere senarrarekin, Edinburgoko dukearekin heldu da Dublingo aireportura eta bertan Irlandako Ohorezko Guardiak eta Eamon Gilmore Kanpo Harremanetarako arduradunak egin diote harrera.

Ondoren Mary McAleese Irlandako presidentearen bizilekura joan dira. Han zuhaitz bat landatu dute bi lurraldeen arteko adiskidetasunaren etapa berri bat hasi dela irudikatzeko.

Mendeetan bi lurraldeek izan duten liskarraren lekuko diren hainbat toki bisitatuko ditu datozen ordu eta egunetan Elisabet II.ak.

Lehergailu bat desaktibatu dute

Irlandako Armadako teknikariek lehergailu bat desaktibatu dute goizaldean, Dublindik gertu dagoen herri batean.

Armadako bozeramailearen arabera, lehergailua autobus batean aurkitu dute, maletategian. Poliziaren agenteek atzeman dute bart gauean, eta ondoren, Armadako artezilariek zartarazi egin dute.

Belfasten, berriz, merkataritza zentro bat hustu dute, pakete susmagarri bat atzeman ostean. Ipar Irlandako Polizia alerta egoeran dago Elisabet IIaren bisita dela eta IRAko disidenteen erasoen beldur.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea