Mundua -
Ingurumena
Afrika hego eta erdialdean Amazonasen baino sute gehiago daude piztuta
Angolan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan 10.000 sute baino gehiago zenbatu dituzte abuztuaren 21etik. Nekazariek nahita piztu ohi dituzte, sastrakak erretzeko eta lurra ereiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Amazonaseko suteak denon ahotan dauden honetan, Afrikako erdialde eta hegoaldean Hego Amerikako paraje hartan baino sute gehiago daude piztuta, Weather Sources erakundeak ohartarazi duenez.
NASAk abuztuaren 21ean satelite bidez egindako argazki batzuek eragin zuten kezka (albiste honekin batera ageri dena hilaren 28koa da). Izan ere, ordutik 10.000 sute baino gehiago piztu dira Angolan (7.000 bat) eta Kongoko Errepublika Demokratikoan (3.395), gehienak sabana inguruetan.
Sua Afrikako kulturaren parte da, eta besteak beste, sastrakak erretzeko erabiltzen da, gerora "lurra erein ahal izateko", Diana Colomina Greenpeaceko baso teknikariak azaldu duenez.
Gogorarazi duenez, "munduko deforestazioaren % 80 11 gunetan gertatzen ari da, eta horien artean daude Saharaz azpiko Afrika eta Amazonas". Colominaren esanetan, "Afrikako suteen arrazoi nagusia bizirauteko nekazaritza da".
Arazoa konpontzeko neurriez galdetuta, adituak erantzun du suaren alternatibak bilatu behar direla eta "kontinentearen baso-soiltzeari aurre egin".
Bien bitartean, Angolako Gobernuak ohar kaleratu du kexua agertzeko, ez baitu egoki ikusten herrialdean dauden suteak Brasileko Amazoniarekin alderatzea: "Egoera dramatizatzea ekar lezake, eta jende zuhurtziagabekoen artean desinformazioa zabaldu". Gobernuaren arabera, "suteak ohikoak dira denboraldi lehorraren azken partean, nekazariek lurra prestatzen dute euriteen denboraldia hasi baino lehen".