Mundua -
Errege-ohoreekin
Isabel II.ak Obama hartu du Buckinghameko Jauregian
41 kanoikadako errege-salba batekin ongietorria egin diote AEBetako presidenteari. Ondoren, lore-koro bat jarri du Obamak Soldadu Ezezagunaren Hilobian.
Erredakzioa
41 kanoikadako errege-salba batekin ongietorria eman diote gaur Barack Obama AEBetako presidenteari Buckinghameko Jauregian. Obamak bi eguneko bisita ofiziala egingo du Britainia Handian eta David Cameron lehen ministroarekin bildu da.
George W. Bush AEBetako presidente ohiak 2003an bisitatu zuen Erresuma Batua, eta Obamarena bigarren bisita da geroztik.
Errege-handitasunaren adibide bat eman die Obamari eta Michelle haren emazteari Britainia Handiko monarkiak. Horrela, kanoien hotsa entzun dute, Isabel II.ak eta Felipe haren senarrak gonbidatuak laguntzen zituzten bitartean. Era berean, Galeseko printzea eta Kornualleseko dukesa bertan izan dira.
Jauregiaren mendebaldeko terrazan, Eskoziako Guardia ikuskatu dute Obamak eta Felipe printzeak. Ekitaldia hasi baino lehen, erreginak eta haren senarrak suite Belgikarra erakutsi diote Obama bikoteari. Sei logela horietan Londresen emango dituzten bi gauak igaroko dituzte Obamak eta Michellek.
Soldadu Ezezagunari omenaldia
Ondoren, lore-koro bat jarri du Obamak Soldadu Ezezagunaren Hilobian, Westminsterreko abadian.
John Hall abade-etxeko deanak ongietorria egin dio bikoteari eta ibilbide bat egin dute abadian.
AEBetako presidentea David Cameron lehen ministroarekin eta Ed Milliband buruzagi laboristarekin bildu da gaur eta Buckinghameko jauregian bazkalduko du eguna amaitzeko.