Mundua -
Gerrako krimenak
Mladic estraditatzearen aurkako helegitea aurkeztuko dute abokatuek
Nazioarteko Zigor Auzitegiak hiru eguneko epea izango du horri buruzko erabakia hartzeko. 8.000 musulmanen hilketa leporatu diote ustezko gerra-kriminalari.
Redacción
Ratko Mladic ustezko gerra-kriminalaren abokatuek Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean eramateko estradizio erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu dute astelehen honetan, legeak emandako epearen azken egunean. Legeak dioenez, hiru eguneko epea izango du Auzitegi honek azken erabakia hartzeko.
Joan den ostegunean atxilotu zuten Mladic, 16 urtez ihes egin ostean, Lazarevoko herrian, Serbiako iparraldean, bere lehengusu baten etxean izkutatuta zegoela.
Srebrenican izandako 8.000 gizonezko musulmanen hilketa, Sarajevoko setioa eta Bosniako guda bitartean izandako bestelako krimenak (1992 eta 1995 urte bitartean) leporatu dizkiote Mladic Bosniako serbioen buruzagi militar ohiari.
Milaka serbiar, atxiloketaren kontra
10.000 abertzale serbiar inguru Bosniako eta Serbiako hainbat hiritako kaleetara atera dira Ratko Mladic general ohiaren atxiloketaren kontra protesta egiteko. Mladic berak protesta era baketsuan egiteko eskatu du, bere abokatuaren arabera. Hala ere, istiluak izan dira eta 20 pertsona zauritu eta 100 atxilotu dituzte.
"Hemen gaude traidore horiei benetako sebiarrek heroi serbiar bat nola defendatzen duten erakusteko", adierazi du Jovica Pesic 22 urteko emakumeak. Pesic Uzicetik Belgradora joan da manifestazioan parte hartzeko.
Pesicek egin bezala, beste serbiar asko autobusak hartu eta Belgradora joan dira Serbiako Alderdi Radikal ultranazionalistak deitutako manifestazioan egoteko.
Bestalde, Darko Mladic general ohiaren semeak adierazi duenez, "Srebrenican gertatutakoa (8.000 bosniar hil zituzten 1995ean), ez du aitarekin zerikusirik. Emakume, ume eta soldadu asko salbatu zituen. Zaurituak, emakumeak eta umeak lehenengo ebakuatzeko agindua eman zuen, eta ondoren harrapatutako soldaduak".