Mundua -

Erresuma Batua

Bere proposamena onartzeko eskatu dio Johnsonek EBri, 'brexit' gogorra saihesteko

'Sun on Sunday' egunkarian kaleratutako artikulu batean Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi duenez, "orain Europar Batasunaren aurrepausoa behar dugu".

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuaren azken proposamenaren "aukerak aprobetxatzeko" eskatu dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Europar Batasunari, akordiorik gabeko 'brexit'a saihesteko. Gainera, EBtik irteera aurreikusitako datan gauzatuko dela azpimarratu du, akordioa lortuta ala ez.

Erresuma Batuak egindako proposamena onartzeko eskatu die Johnsonek EBko bazkideei, 'Sun on Sunday' egunkarian kaleratutako artikulu batean. Horren iritzian, Erresuma Batuaren plana "konpromiso praktikoa da, eta Erresuma Batuak tarte batean amore eman du". "Prest gaude datorren urriaren 31an EBtik ateratzeko, baina ikusteke dago Bruselak poz-pozik agurtuko gaituen ala ez", gaineratu du.

"Akordioa nahi izanez gero, Europar Batasunaren aurrerapausoa behar dugu orain", esan du lehen ministro britaniarrak. EBtik irteteko planak "erantzun baikorrak izan ditu Erresuma Batuko Parlamentuan, eta luzatutako esku hori EBk hartzen badu, Parlamentuak ere oniritzia emango dio", Johnsonen iritzian.

"Hemendik 25 egunetara goaz. Akordio batekin egin dezakegu, EB ados badago. Baina ezin du huts egin. Ez da atzerapen gehiagorik egongo, urriaren 31an amaituko da 'brexit'a", azpimarratu du.

Astelehenean eutsiko diote berriro bilera-sortari Londresek eta Bruselak, baina EBk ohartarazi duenez, itun loteslea lortzeko "oinarriak" oraindik ez ditu Johnsonen planak (bi Irlanden arteko mugaren zaintza da bereziki desadostasun handienak eragin dituen gaia).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Boris Johnson