Mundua -

Gerra Sirian

Turkiak Siria iparraldea hartu du milizia kurduen aurkako erasoaldian

Gainera, kurduek jakinarazi dutenez, gutxienez lau hiri bonbardatu dituzte. Trumpek Erdogani ohartarazi dio "isunak baino gehiago" ezarriko dizkiola Siriako erasoaldia "ankerra" bada kurduekin.

Turkiako indarrak, Sirian. Argazkia: EFE
Turkiako indarrak, Sirian.
Turkiako indarrak, Sirian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako Armadako lurreko militarrek, milizia siriarren laguntzarekin, Siria ipar-ekialdean sartu dira indar kurduen aurkako erasoaldiaren baitan, hainbat orduz airetik bonbardatu ostean, Turkiako Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez.

"Turkiako Armada heroiak eta Siriako Armada Nazionalak hasi dute Eufrates ekialdeko lurreko operazioa", adierazi du Ministerioak, Ankararen aliatuak diren milizia siriarren izen berria erabiliz.

Bonbardaketak

Turkiako Armadak Sirian dauden kurduen aurkako erasoaldi militarra abiatu duela iragarri du ordu batzuk lehenago Recep Tayyip Erdogan presidente turkiarrak sare sozialen bidez.

"Turkiako Armadak, Siriako Armada Nazionalaren laguntzarekin, 'Bake Iturria' izeneko operazioa martxan jarri du Siria iparraldean", idatzi du Twitterren.

Erdoganek zehaztu du erasoaldi militarrak bi helburu dituela: Sirian dauden miliziano kurduak biltzen dituen Herria Babesteko Unitateak izeneko taldea suntsitzea eta Estatu Islamikoari aurre egitea. Kurduek Siria iparraldea kontrolatzen dute, eta atzora artea Ameriketako Estatu Batuen babesa zeukaten.

Kurduek jakinarazi dutenez, hegazkin turkiarrek gutxienez lau hiri bonbardatu dituzte Siria iparraldean eta litekeena da zibilak hil izana.

"Turkiako hegazkinek bonbardaketa intentsiboa egin dute Tal Abyad, Sere Kanye (Ras al Ain), Qamishli eta Ain Issa hirietako base militarren aurka nahiz hirigunean. Bildu dugun lehen informazioen arabera, zibilak daude biktimen artean", adierazi du Siria Demokratikoko Armadaren (SDA) operazio militarrak koordinatzeko zentroak. Kurduek zuzendutako aliantza da SDA.  

Lehen erasoaldian gutxienez 25 hegazkinek hartu dutela parte eta aipatu hirietako 16 zonalde bonbardatu dituztela zehaztu dute.

Trumpen oharra Erdogani

Donald Trump AEBko presidenteak Erdogani mehatxu egin dio "isunak baino gehiago" ezarriko dizkiola Siriako erasoaldia "ankerra" bada kurduekin, eta Turkiako "ekonomia birrindu" egingo duela talde hori deuseztatzen badu.

"Erdogan presidenteari esan diot isunak baino askoz gehiago ezarriko ditudala. Ados nago isunekin, baina askoz gogorragoa den zerbait egingo dut", gaineratu du Trumpek Etxe Zurian, errepublikanoek Turkiari isunak jartzea proposatu dutela gogorarazi diotenean.

"Gauzak behar ez den bezala egiten baditu, prezio ekonomiko altua ordainduko du", azpimarratu du.

Erasoaldiak "proportzionala eta neurrizkoa" izan behar duela dio NATOk

Bien bitartean, Jens Stoltenberg NATOren idazkari nagusiak Erdogani zuzendu zaio eta Turkiaren eraso militarrak "proportzionala eta neurrizkoa" izan behar duela esan dio.

"Ekintza horiek herrialde hori gehiago ezegonkortzea, tentsioak gora egitea eta sufrimendu gehiago eragitea saihestu behar da. Espero dut Turkiak neurriz jokatuko duela", adierazi du Stoltenbergek.

NATOko agintaria ostiralean bilduko da Turkiako presidentearekin eta "edozein ekintzak proportzionala eta neurrizkoa" izan behar duela esango diola aurreratu du.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egingo du ostegun honetan Turkiaren eraso militarra aztertzeko.

Frantziak, Erresuma Batuak, Alemaniak, Belgikak eta Poloniak eskatu dute batzarra egitea.

Bonbardaketak etetea eskatu du Europako Batzordeak

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak Siria iparraldean gaur abiarazitako erasoaldi militarra gelditzeko eskatu dio Erdogani.

"Siriako mugako segurtasunagatik kezkatuta dago Turkia. Alabaina, Turkiari eta gainerako eragileei arduraz jokatzeko eta abian dauden operazioak gelditzeko eskatzen diet", adierazi du Europa Parlamentuan egindako agerraldi batean.

Ildo horretan, Junckerrek erantsi du Turkiaren eraso militarrak ez duela ezer onik ekarriko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak NATO Eguneko albisteak Albisteak Turkia Siria Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?