Mundua -
Hasi da epaiketa
Mladicek 'izugarritzat' jo du Hagako Auzitegiak leporatutakoa
Serbiako buruzagi militar ohia epailearen aurrean da. "Gaixotasun larria" duela deklaratu du eta leporatzen dizkioten hamaika akusazioen inguruan errudun edo errugabe den aitortzeari uko egin dio.
Erredakzioa
Ratko Mladic Serbiako buruzagi militar ohiak, lehen aldiz, Jugoslaviarako Nazioarteko Zigor Auzitegian, Hagan deklaratu du.
Leporatzen dizkioten hamaika karguren inguruan (genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak tarteko) errudun edo errugabe den galdetuta, Mladicek akusazioak aztertzeko denbora gehiago beharko duela adierazi du.
Serbiako general ohiak "iguingarritzat" jo ditu Hagako Auzitegiak egotzitako delituak. Epaileak akusazioen laburpena egin ondoren Maldicek bertan jasotako hainbat hitz "izugarriak" direla eta inoiz ez duela horrelakorik entzun deklaratu du.
Epaileek, datorren uztailaren 4ean bigarren agerraldi bat deitu dute.
"Gaixotasun larria duen gizona naiz"
"Mladic generala naiz", erantzun dio Alphons Orie epaile holandarrari saioaren hasieran. Akusazio akta bere hizkuntzan jaso eta irakurri al duen galdetu diotenean hauxe erantzun du: "Gaixotasun larria dut eta pentsatzeko denbora behar dut". "Ez dakit zeintzuk diren karguak, bi hilabete beharko ditut irakurtzeko", erantsi du.
Ahots apalean eta motel mintzatu da, itxura zahartua du Maldicek. Akusazioen inguruko "hitz bakar bat" ere ez duela entzun nahi esan du, baina leporatzen dizkioten delituak entzun behar izan ditu.
"Srebrenikako harakina"
"Srebrenikako harakina" ezizenaz ezaguna da Mladic.&' || 'nbsp;Srebrenika hiriko sarraskiagatik, genozidioa egozten diote, 8.000 musulman hil izana leporatzen diote serbiako militar ohiari. Horrez gain, gerra eta gizateriaren kontrako delituak leporatzen dizkiote Sarajevoko setioagatik.
Serbiako Poliziak orain astebete atxilotu zuen Ratko Mladic Belgraden, eta asteartean eraman zuen Hagara. Ordutik, Scheveningengo kartzelan egon da.