Mundua -
Turkiako Armada, Sirian
Turkiako aliatuak diren matxinoek Ras al Ain hiriko erdigunea hartu dute, Sirian
Kurduen zonaldeko agintariek diotenez, ia 200.000 desplazatu daude erasoaldia hasi zenetik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ras al Ain hiriko erdigunea mendean hartu dute Turkiako aliatuak diren errebeldeek, Siriako ipar-ekialdean, milizia kurduen aurkako erasoaldiaren laugarren egunean eta zonaldean bonbardaketa ugari izan ostean.
Erasoaldiaren lehenengo urratsetan bonbardatu duten bi hirietako bat da Ras al Ain. Reuterseko kazetari baten arabera, mugatik ke-zutabeak ikus daitezke.
Estatu Islamikoaren eta milizia kurduen aurkako operazioa abiatzeko agindua eman zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak joan den asteazkenean. Ordutik hona, Turkiako Defentsa Ministerioak zehaztu duenez, 415 soldadu "indargabetu" dituzte.
Giza Eskubideen Siriako Behatokiak dioenez, 74 soldadu hil dira, gehienak Tel Abyadeko zonaldean. Turkiak babestutako matxinoei dagokienez, 49 hil dira. Herritarren artean, berriz, 30 pertsona hil dira, kasu honetan ere gehienak Tel Abyaden.
Nazio Batuen Erakundearen esanetan, 100.000 desplazatu daude dagoeneko, baina kurduen zonaldeko agintarien aburuz, ordea, 190.000 baino gehiago dira desplazatuak. Herritar horiek Dayriketik Irakeko mugaraino mugitu dira.