Mundua -

Polemika

Migratzaileak hartzeko neurriak gogortu ditu Greziak

Testuinguru horretan, 2020. urtearen amaierara arte 10.000 pertsona deportatuko dituela ziurtatu du Mitsotakisen gobernuak. Irailean, zazpi pertsona kanporatu zituzten.

Idomeni, Grezia eta Mazedonia arteko errefuxiatu gune handienetakoa. Artxiboko argazkia: EFE
Idomeni, Grezia eta Mazedonia arteko errefuxiatu gune handienetakoa. Artxiboko argazkia: EFE
Idomeni, Grezia eta Mazedonia arteko errefuxiatu gune handienetakoa. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Parlamentuak asilo lege berria onartu du, migratzaileak haien jatorrizko herrialdeetara azkar itzultzeko asmoz. Erabaki horrek polemika handia sortu du gizarte erakundeen artean, migratzaileei nazioarteko herrialdeen babesa lortzeko jartzen dizkien trabak direla eta.

"Asilorako eskubiderik gabe gure herrialdean sartzen saiatzen direnei mezu argia bidaltzen die asilo legeak: euren lurraldera itzuliko dira", adierazi zuen atzo Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak, eta "ateak irekitzea ez dela aukera bat" nabarmendu zuen.

Bai asilo-eskaeren azterketa, bai Europar Batasunak (EB) eta Turkiak 2016ko martxoan adostutako akordioan jasotako itzulketak oso motel egiten dira, eta, batzuetan, blokeatuta egon dira. Horrek prozesua zaildu du askotan, eta milaka pertsona erabaki baten zain utzi ditu.

2016ko martxotik orain arte 2.000 itzulketa inguru egin dizkio Turkiari. Testuinguru horretan, 2020. urtearen amaierara arte 10.000 pertsona deportatuko dituela ziurtatu du Mitsotakisen gobernuak. Irailean, zazpi pertsona kanporatu zituzten.

Legezko kanporaketekin lotuta, Grezian lehen aldiz "herrialde seguruen zerrenda bat" sortu da.

Oraindik ez dute zehaztu zeintzuk izango diren zerrenda hori osatuko duten herrialdeak, baina Greziatik kanporatuko dituzten pertsonei "babes egokia" ematea aurreikusten du gobernuak, "erabateko babesa" eman beharrean, nazioarteko zuzenbidean zehazten den bezala. Hainbat GKEk kezka agertu dute alde horrek ez duelako lekualdatutakoen segurtasuna bermatzen.

Gainera, 2016ko martxoa baino lehen aurkeztutako asilo-eskaerak ez dira onartu. Hala, eskatzaileek Grezian 6 hilabeteko epean nazioarteko babesa jasotzeko interesa dutela baieztatzen duten aztertuko dute soilik.

Greziako Asilo Zerbitzuaren arabera, urtarriletik urrira bitartean 11.100 lagunek baino gehiagok jaso zuten errefuxiatu estatusa edo babes subsidiarioa Grezian. 2015etik, 45.300 bat migratzaileri onartu dizkiete asilo-eskaerak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Europa Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Errefuxiatuak