Mundua -
Bolivia
Bolivian hauteskundeak deitzeko legea sinatu du Añezek
Urriaren 20ko hauteskundeetako emaitzak baliogabetuko ditu lege horrek. Diputatuen Ganberak onartu egin du, sei orduko eztabaida baten ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Jeanine Añez Boliviako bitarteko presidenteak "Hauteskunde Orokorrak gauzatzeko ezohiko eta aldi baterako Erregimenaren Legea" aldarrikatu du igande honetan. Diputatuen Ganberak, sei orduko eztabaida baten ostean, larunbat gauean onartu egin zuen.
Legeak urriaren 20an egindako hauteskundeetako emaitzak baliogabetuko ditu, eta, halaber, deialdia arintzea xede, hauteskunde-arautegirako salbuespen-sorta bat aurreikusten du; besteak beste, hauteskunde-organoa izendatzeko modu azkarrago bat.
"Eskerrak eman nahi dizkiet gure parlamentariei, Boliviako herritarren eskariak ulertu eta entzun dituztelako”, esan du Añezek Twitterren.
"Beste kontsideraziorik ez dagoenez, legea berresten dugu; hortaz, Organo Betearazleari helaraziko diogu", esan du Diputatuen Ganberako presidente Sergio Choquek, eztabaida amaituta. Choque, halaber, Evo Moralesen Sozialismorako Mugimendua (MAS) alderdiaren presidentea da.
"MASek bere konpromisoak bete egiten ditu", nabarmendu du Choquek; haren iritziz, "adostasuneko ikasbidea eman dute", herrialdeko krisia lasaitzen hasteko asmoarekin, "gizarte-gatazka, hildako eta zauritu gehiagorik egon ez daitezen".
MASen eta oposizioaren bi alderdiren arteko adostasuna
Hiru alderdiren arteko adostasunari esker sortu da legea; hain zuzen ere, parte hartu dute MASeko legegileek (Legebiltzarrean bi hereneko gehiengoa du alderdi horrek), eta oposizioaren Batasun Demokratak eta Alderdi Kristau Demokratak. Behin-behineko presidente Añez Batasun Demokratako senataria zen, kargua bere gain hartu aurretik.
Senatuko debatean, Sonia Chiri MASeko legegile indigena kitxuak aurkeztu zuen proiektu bat, debekatzeko Evo Morales presidente ohiaren, funtzionarioen, lider sozial eta sindikalen eta aurreko Gobernuak izendatutako gainerako karguen aurkako "atxiloketak eta epai-prozesuak".
Segituan, baina, bitarteko Gobernuak proposamena gaitzetsi zuen proiektu hori; are gehiago: Añezek ohartarazi zuen ez zuela promulgatuko Moralesi eta horrek izendatutako agintariei immunitatea emateko legerik.
Gatazka larria, urriaren 20tik
Gatazka larrian dago Bolivia urriaren 20ko hauteskundeetako biharamunetik; laugarren aldiz jarraian, Morales garaile aldarrikatu zuten, eta egun hartan bertan hasi ziren haren aurkako salaketak, ustezko iruzurragatik.
Azaroaren 10ean, Amerikako Estatuen Erakundeak, txosten batean, ohartarazi zuen "irregulartasun larriak" egon zirela hauteskundeetan; orduan, Moralesek, Armadak behartuta, uko egin zion presidente izateari. Une honetan, Morales Mexikon dago, babestuta.
Latinoamerikako Gobernu eta politikari batzuen iritziz, Moralesen dimisioa "Estatu kolpea" izan zen; beste herrialde batzuek, aldiz, Jeanine Añezen bitarteko Gobernua aintzatetsi dute (azaroaren 12an hartu zuen kargua bere gain). Nazioarteko komunitatearen hirugarren alde batek, amaitzeko, elkarrizketa eskatu du, krisialdi politikoaz iritzirik eman gabe.