Mundua -
Krisia Grezian
Papandreuk konfiantza mozioa gainditu beharko du gaur
Bozketa irabazten badu, murrizketa plan berria eztabaidatzen hasiko dira Parlamentuan.
Erredakzioa
Greziako Parlamentuak Yorgos Papandreu lehen ministroaren aurkako konfiantza mozioa bozkatuko du. Buruzagi sozialistak botoa gainditzea espero du, agintean jarraitu eta murrizketa zorrotzak ezarri ahal izateko, herrialdearen porrota galarazteko.
PASOK alderdi sozialistak 300 eserlekuetako 155 ditu. Iaz lau diputatuk desertatu egin zuten, lehen murrizketen aurka baitzeuden.
Parlamentuan ordezkaritza duten gainerako alderdien eserleku banaketa horrelakoa da: Demokrazia Berria kontserbadoreak 86, KKE komunistak 21, LAOS eskuin muturrekoak 15, Ezkerreko Koalizioak 9 eta 14 independente. Oposizio guztiak errefusatu egin du Papandreuren Gobernua babestea.
Mozioak porrot egiten badu, Carolos Papulias Greziako presidenteak beste alderdiekin gobernua osatzeko eskatuko dio agintean dagoen alderdiei, eta horrek lortzen ez badu, gainerako alderdiei eskatuko die.
Orain arte, baina, oposizioko alderdiek ez dute agertu PASOKekin gobernua osatzeko asmoa.
Indar metaketarik ez badago, presidenteak Parlamentua desegin eta hauteskundeak deituko ditu hilabete barru. Aditu politikoek uste dute hori hondamendia izango litzatekeela herrialdearentzat.
Konfiantza mozioa gainditu eta gero, murrizketa plan berria eztabaidatzen hasiko dira Parlamentuan.
Euroguneak epeak jarri ditu
Bien bitartean, euroguneak bi asteko epea eman dio Greziari murrizketa plana onartzeko. Hori jarri du baldintza nazioarteko laguntza jaso eta porrota saihesteko.
Jean Claude Juncker Eurotaldeko presidenteak beste bilera bat deitu du uztailaren 3rako, eta bertan astelehenean lortu ez zuten helburua lortzea espero du: 12.000 milioi euroko erreskatea desblokeatzea.
Horretarako, Greziako Gobernuak zilegitasuna erakutsi beharko du, gaurko konfiantza mozioa gaindituz eta alderdi guztien kolaborazioa lortuz.