Mundua -

Iraultza

Siriako presidenteak amnistia osoa eman du

Maiatzaren 31n beste amnistia bat aldarrikatu zuen preso politikoentzat, Anaia Musulmanak oposizioko alderdia barne. Erregimenaren aldeko manifestazio jendetsuak egiten ari dira hiriburu nagusietan.

Bachar al Asad Siriako presidentea. Argazkia: EFE
Bachar al Asad Siriako presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bachar al Asad Siriako presidenteak amnistia osoa eman du ekainaren 20a baino lehenago egindako delituak egin dituztenentzat. Aldi berean, manifestazio jendetsuak egiten ari dira erregimenaren alde herrialdeko hiri nagusietan.

Sana Siriako albiste-agentzia ofizialak eman du presidentearen erabakiaren berri ohar batean eta ez du amnistiari buruzko xehetasun gehiago zehaztu.

Iragan maiatzaren 31n, Al Asadek beste amnistia orokor bat eman zuen preso politikoentzat, Anaia Musulmanak oposizioko taldeko kideek egindako delituentzat ere balio zuena. Aldi hartan, indultuaren bidez zigorraren erdia kendu zitzaien presoei, pertsona batek jarritako salaketarik ez bazegoen tartean.

Herrialde osoko hainbat hiritan erregimenaren alde egiten ari diren manifestazio jendetsuekin batera iritsi da presidentearen erabakia. Damaskon, Deraan, Homsen eta Tartusen ari dira egiten protesta nagusiak. Damaskon, milaka lagun bildu dira Amawin plazan, eta Siriako banderak eta Al Asaden aldeko pankartak erakutsi dituzte, bertako telebista kateak zabaldu duenez.

Atzo, Bachar al Asadek hitzaldia eman zuen Damaskoko Unibertsitatean eta krisitik ateratzeko eta erreformekin jarraitzeko elkarrizketa nazionalerako deia egin zuen.

Al Asadek Siriaren kontrako "nazioarteko azpijokoa" salatu zuen eta talde armatuei eta muturreko islamdarrei leporatu zien iraultzaren sorburuan egotea.

Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, 1.310 herritar eta 341 militar eta polizia hil dira martxoa erdialdetik errepresioaren ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea