Mundua -
Lur astindua
39 pertsona hil dira jada Albaniako lurrikaran, azken hamarkadetako bortitzenean
Horrez gain, 15 pertsona desagertuta daude oraindik, eta zaurituta dauden 650 horietatik 32 oso larri daude.
Agentziak | Erredakzioa
Albanian asteartean izandako 6,4 graduko lurrikaran hildakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Agintariek egindako azken balantzaren arabera, 39 pertsona zendu dira.
Durres eta Thumane dira kalte gehien izan dituzten herriak, Klan telebista kateak zehaztu duenez. Hain zuzen ere, baieztatuta dago Durresen, alegia, herrialdeko bigarren hirian, 16 hildako daudela; 40 kilometro iparralderarantz kokatuta dagoen Thumanen, berriz, 23 lagun zendu dira. Azken hamarkadetako lur astindu gogorrena izan da asteartekoa.
Hondakinen artean topatutako azken gorpua emakume batena izan da, Durreseko sei solairuko eraikin baten azpian aurkitu dute gaur goizean. Ordu batzuk lehenago haren 8 urteko alabarena atzeman dute. Aita, aldiz, onik atera da.
Thumanen 7 urteko mutiko baten, emakumezko gazte baten eta emakume baten hilotzak topatu dituzte azken orduetan. Hirurak eraikin bateko hondakinen artean aurkitu dituzte; handik ateratzen ari zirenean bete-betean harrapatu zituen lurrikarak.
Balantze ofizialaren arabera, 15 bat pertsona desagertuta daude. Greziak, Italiak, Turkiak eta Europar Batasunak laguntza bidali dute erreskate lanetan aritzeko.
650 pertsona baino gehiago zauritu dira, eta horietatik 32 oso larri daude. Era berean, 2.000 herritarrek baino gehiagok etxea galdu dute. Horietatik 700 batek Thumane herrian jarritako aterpetxeetan hartu dute ostatu, behin-behinean, eta beste 1.450ek, Durresen.
Erreplikak bilaketa eta erreskate-operazioak ari dira oztopatzen; lurrikara nagusia gertatu zenetik, ehunka sismo izan dira, batzuk adierazgarriak, Albaniako mendebalde osoan, eta Adriatikoko itsas geruzan.