Mundua -

Indarkeria matxista

Bost gizonek su eman diote bortxaketa baten biktimari Indian, auzitegira zihoala

23 urteko emakumea duela urtebete jasandako bortxaketaren epaiketara zihoan eraso egin diotenean. Gorputzaren % 70 du erreta.

Hainbat emakume protestan Indian, bortxatzaileek duten inpunitatearen kontra. Argazkia: EFE
Hainbat emakume protestan Indian, bortxatzaileek duten inpunitatearen kontra.
Hainbat emakume protestan Indian, bortxatzaileek duten inpunitatearen kontra. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon talde batek emakume bati su eman diote Indian, duela urtebete pairatutako bortxaketaren epaiketara zihoanean. 

Erasoa atzo jazo zen, 04:30 aldera (Euskal Herrian, 00:30), 23 urteko emakumea Unnao barrutiko bere etxetik irteten ari zenean, azaldu du Gaurav Kumar bertako polizia agente batek. Gazteak bortxaketa bat jasan zuen 2018ko abenduan, eta Raebareli hiriko epaitegira (Uttar Pradesh estatua, Indiako iparraldea) joan behar zuen testigantza ematera. 

Lucknow hiriko ospitalera eraman zuten emakumea, gorputzaren % 70 erreta zuela.

Indiako hedabideek zehaztu dutenez, emakumearen bortxatzaileetako bat duela astebete geratu zen aske, fidantzapean.

Biktimak bost gizon identifikatu zituen, eta bostak atxilotu dituztela zehaztu du Kumarrek. Dena den, ez du argitu erasotzaileak bortxaketarekin zerikusirik ote duten edota bortxatzailea atxilotutakoen artean ote dagoen. 

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioak

Erasoari zigor eredugarria jarriko diotela agindu dute Indiako Gobernuko buruzagiek. Izan ere, bortxaketa kasu lazgarriak izan dira azken asteetan, eta gogortu egin dira indarkeria matxistaren kontrako manifestazioak.

"Estatuaren alaben ohorea defendatzea dagokio Gobernu honi. Bortxaketa gizartearentzat lasta bat, ezin diogu lekurik utzi. Neurri zorrotzak hartu behar ditugu bortxatzaileen aurka", adierazi du Twitterren Yogi Adityanath Uttar Pradesheko gobernuburuak.

Azaroaren 27an taldean bortxatutako eta hildako gazte baten kasuak sumina eragin du Indian. Lau gizonek 26 urteko emakume bat bortxatu eta ito zuten, eta ondoren gorpua erre zuten.

2012an sei gizonek neska gazte bat bortxatu eta torturatu zuten New Delhiko autobus batean. Kasuak harrabots handia eragin zuen Indian zein nazioartean. Gobernuak erasotzaileen kontrako zigorrak gogortu zituzten, baina horrek ez ditu bortxaketak saihestu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak India Matxismoa Sexu erasoak