Itxi

Mundua

Erresuma Batua

Eskoziak beste erreferendum bat galdegin du, SNPk lortutako garaipena baliatuta

Agentziak | Erredakzioa

Eskoziako Alderdi Nazionalistak Eskoziak Parlamentu britainiarrean dituen 59 aulkietatik 48 lortu ditu: "Geuk erabaki beharko genuke gure etorkizunaz", esan du Nicola Sturgeon ministro nagusiak.

1:09
Nicola Sturgeon

Eskoziako Alderdi Nazionalistak (SNP) Eskozia Parlamentu britainiarrean ordezkatzen duten 59 diputatuetatik 48 lortu ditu ostegun honetan, Erresuma Batuko hauteskundeetan. Hortaz, Eskoziako ministro nagusi Nicola Sturgeonek adierazi du emaitza horrek "mezu argia" bidaltzen duela, Eskozian beste independentzia-erreferenduma egiteko.

Hauteskunde orokorretan, orain arte lehen ministro ibili den Boris Johnsonen Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa erdietsi du; Jeremy Corbynen Alderdi Kontserbadoreak, aldiz, emaitza etsigarria izan du.

Sturgeonen iritziz, SNPren emaitzak "babes handia" ematen dio ikuspuntu bati: "Eskoziak bere etorkizunaz erabaki beharko luke, eta ez genioke inori baimena eman beharko gure partez hori erabakitzeko". Ministro nagusiak BBCri esan dionez, "Erresuma Batuko gainerakoan izandako emaitzak goibelak dira; nik ez dut nahi Gobernuan gehiengo kontserbadorea izatea, baina, horrela izango denez, Eskoziak beste zerbaiten alde egiteko aukera izatea are garrantzitsuagoa da".

Nicola Sturgeonen esanetan, baliteke Boris Johnsonek "Ingalaterra Europar Batasunetik ateratzeko agindua jaso izatea; baina agindu horretan, ez dago Eskozia ateratzeko mandaturik".

Onartu duenez, SNPri botoa eman dioten guztiek ez lukete zertan egin independentziaren alde balizko erreferendum batean; baina bere alderdiak izandako babesak dakar bigarren erreferendum baten eskaria "sendoagoa" izatea.

Hamahiru diputatu gehiago

SNPk hamahiru diputatu gehiago izan ditu orain, 2017an baino, eta orain arte Alderdi Kontserbadorearen eta Alderdi Laboristaren esku izan diren aulkiak ere lortu ditu; Jo Swinson Alderdi Liberal Demokrataren liderrari, gainera, aulkia kendu egin dio.

Sturgeonek adierazi du gutuna bidaliko diola Johnsoni, eskatzeko erreferendum hori deitzea; 2014an egindakoan, hautesleen % 55ek egin zuten independentziaren aurka.

Alderdi Kontserbadoreko lider Johnsonek, nolanahi ere, hitzeman du ezezkoa emango diola beste erreferendum bat egiteari; argudiatzen duenez, kontu hori erabakita geratu zen, duela bost urte, gutxienez belaunaldi baterako.

Alderdi Kontserbadorea bigarren indarra izan da Eskozian, sei aulki lortuta (2017an baino zazpi gutxiago); Alderdi Liberal Demokratak orain arte izandako lau diputatuei eutsi die; eta Alderdi Laboristak, alegia, laugarren indarrak, diputatu bat erdietsi du (orain arte, zazpi zituen).

Johnsonek baztertu egin du bigarren erreferendumaren aukera

Nolanahi ere, Boris Johnsonek berretsi egin du ez duela Eskozian bigarren erreferendumik egitea ahalbidetuko eta hala jakinarazi dio Nicola Sturgeoni arratsalde honetan telefonoz izan duten elkarrizketan.

Downing Streeteko bozeramaile baten arabera, Erresuma Batuaren batasuna indartzeko konpromiso irmoa dauka lehen ministro britainiarrak.

2014ko erreferendumaren emaitza argia izan zela eta errespetatu egin behar dela uste du Johnsonek.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena