Mundua -

Israel

Netanyahuk immunitatea eskatuko du, ustelkeriagatik epaitua izatea saihesteko

Erabaki horren ondorioz, Israelgo jarduneko lehen ministroaren aurkako epaiketaren hasiera atzeratu egingo da, martxoaren 2ko hauteskunde orokorren ostera arte ziurrenik.

Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa.
Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Parlamentuari immunitatea eskatuko diola iragarri du asteazkenean Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak, hiru ustelkeria kasuengatik epaitua izatea saihesteko asmoz.

"Parlamentuko presidenteari eskaera hori egiteko asmoa dut, herritarrei zerbitzu ematen jarraitzeko dudan eskubidea eta betebeharra bermatzeko", azaldu du Netanyahuk telebista bidez emandako hitzaldi batean.

Immunitatea eskatzeko epea amaitu baino ordu batzuk lehenago egin du iragarpena Netanyahuk. Izan ere, hiru kasu desberdinetan eroskeria, iruzurra eta konfiantza-abusua leporatuta auzipetzea saihesteko eskura duen azken baliabidea da hori.

Ildo horretatik, "urte askoan Israel zuzentzen jarraitzea" espero duela adierazi du Netanyahuk hitzaldian, eta haren aurka abiatutako "zirikatze-kanpaina bat” salatu du.

Testuinguru horretan, immunitateari buruzko legeak, politikari hautetsiak asmatutako eskaera judizialetatik babestea eta herriari zerbitza diezaioten bermatzea bilatzen duela uste du Israelgo jarduneko lehen ministroak.

Erabaki horren ondorioz, Netanyahuren aurkako epaiketaren hasiera atzeratu egingo da, martxoaren 2ko hauteskunde orokorren ostera arte ziurrenik. Herrialdeak, aurrekaririk gabeko blokeo politikoa bizi du, urtebete baino gutxiagoan hiru aldiz deitu baitituzte hauteskundeak.

Gauzak horrela, immunitate eskaerari buruz erabaki bat hartzeko ardura duen batzorde parlamentarioa osatu gabe dago (eta Parlamentua deseginda dago). Hala, Parlamentua ez balitz gai horri buruz erabakitzeko osatuko, erabakia ez litzateke hartuko Gobernu bat osatu eta batzorde hori izendatu arte, hurrengo hauteskundeen ondoren.

Gainera, immunitateari buruz Parlamentuak hartzen duen erabakiaren aurrean helegitea jar daiteke Israelgo Auzitegi Gorenean, eta, horrek, are gehiago atzeratuko luke epaiketaren hasiera.

Dena dela, adituen ustez, martxoaren 2ko hauteskundeen emaitzetan ondorioak izan dezake jarrera horrek Netanyahurentzat. Gainera, Estatuko fiskal nagusiak ustelkeria leporatu zionetik egingo dituzten lehen hauteskundeak dira, eta hirugarrenak urtebete baino gutxiagoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Delituak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Israel Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Benjamin Netanyahu