Mundua -

Suteak Australian

Zenbait toki hustu dituzte Australian, suteen eraginez 17 pertsona hil ostean

Hego Gales Berriko kostaldetik beranduegi izan baino lehen ateratzeko eskatu diete suhiltzaileek turistei, larunbaterako 40 gradu eta haize-ufada indartsuak espero baitituzte.

Baso-suteek 17 hildako utzi dituzte Australiako hego-ekialdean. Argazkia: EFE
Baso-suteek 17 hildako utzi dituzte Australiako hego-ekialdean.
Australiako armadak suteengatik harrapatuta zeuden 4.000 pertsona erreskatatu ditu

0:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Australiako agintariek baieztatu dutenez, azken orduotan beste pertsona bat hil da herrialdearen hego-ekialdean piztutako baso-suteen eraginez. Gauzak horrela, dagoeneko 17 lagun hil dira azken hilabeteetan, eta milaka pertsona suak kaltetutako eremuetatik alde egiteko prestatzen ari dira.

“Dagoeneko herrialdean 17 pertsona hil direla jakinarazteak tristatu egiten nau”, esan du Daniel Andrews Victoria estatuko gobernuburuak, eskualde horretan izandako lehen heriotzaren berri eman ostean.

Horiez gain, beste pertsona bat desagertu da Hegoaldeko Gales Berrian, baso-suteek kalte gehien eragin dituzten tokia. Izan ere, 15 pertsona hil dira hor, horietako zazpi astelehenaz geroztik, eta itsasertzeko hainbat eremu ebakuatzeko agindua eman dute.

“Suari aurre egitea eta jendea salbu jartzea da lehentasuna une honetan. Garrak kontrolpean izaten jarraitu behar dugu, suari aurre egin ahal izateko”, esan du Scott Morrison Australiako lehen ministroak.

Testuinguru horretan, Hego Gales Berriko kostaldetik beranduegi izan baino lehen ateratzeko eskatu diete suhiltzaileek turistei, larunbaterako egoerak okerrera egin dezakeelako, 40 gradu eta haize-ufada indartsuak espero baitituzte.

Sare sozialetan zabaldutako irudietan, auto-ilara luzeak ageri dira kaltetutako inguruetako errepideetan, errei batzuk behin-behinean ireki dituztela aprobetxatuta, baina kearen ondorioz toki batzuetan ikuspen gutxi dago.

Mallacoota, East Gippsland udalerriko 1.000 biztanle inguruko kostaldeko herria, suteek gehien kaltetutako eremua da Victorian. Izan ere, 100 etxebizitza inguru kiskalita daude.

Larrialdi-egoera

Hego Gales Berriko lehen ministro Gladys Berejiklianek larrialdi egoera ezarri du Australiako estatu horretan baso-suteak direla eta, datozen egunetan eguraldiak okerrera egingo duela aurreikusiz.

Berejiklianek ostegun honetan iragarri duenez, larrialdi egoera ostiralean hasiko da, 09:00etan (bertako ordua), eta gutxienez zazpi egunez egongo da indarrean, ABC Australiako telebista katearen arabera.

Shane Fitzsimmons Hego Gales Berriko Suhiltzaileen Landa Zerbitzuko buruak azaldu duenez, larunbatean eguraldiak okerrera egitea espero dute, sugarrak piztuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Australia