Mundua -

Nazioarteko konferentzia

Libiako su-etena eta arma-blokeoa aurrera eramateko akordioa adostu dute Berlinen

Libiaren inguruko nazioarteko konferentzia egin dute Berlinen, Alemaniako Gobernuak eta NBEk antolatuta.

Libiaren inguruko nazioarteko konferentzia Berlinen. Argazkia: EFE
Libiaren inguruko nazioarteko konferentzia Berlinen. Argazkia: EFE
Libiaren inguruko nazioarteko konferentzia Berlinen. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela astebete abiatu zen su-etena eta Nazio Batuen Erakundeak ezarritako arma-blokeoa aurrera eramateko akordioa adostu dute Libiako Gobernuaren eta indar matxinoen nazioarteko aliatuek igande honetan.

Libiaren inguruko nazioarteko konferentzia egin dute Berlinen, Alemaniako Gobernuak eta NBEk antolatuta. Fayed al Serraj Libiako Akordio Nazionaleko Gobernuaren (GNA) presidentea eta Jalifa Hafter Libiako Armada Nazionalaren (LNA) buruzagia bertan izan dira. Aurrenak Turkiaren babesa du, eta bigarrenak Errusiarena.

Su-eten "iraunkor" eta "egiaztagarri" baten aldeko apustua egin du dokumentuak, eta arma-blokeoa betetzea eskatzen die eragile guztiei. Zentzu horretan, gatazka ez areagotzea exijitu die.

Era berean, krisiari irtenbidea emateko prozesu politikoa libiarrek zuzendu eta kontrolatu behar dute. Gainera, Libiaren batasuna, lurraldetasuna eta subiranotasun nazionala mantentzeko beharra azpimarratzen dute agirian.

Urteetako gatazka armatuaren ondotik aurrenekoz eragile guztiak bildu dira biltzarrean.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Vladimir Putin Errusiako presidentea, Recep Tayyip Erdogan Turkiako buruzagia, Giuseppe Conte eta Boris Johnson Italiako eta Erresuma Batuko lehen ministroak, Mike Pompeo AEBeko Estatu idazkaria eta Abdelfatah al Sisi Egiptoko presidentea bileran izan dira.

Hafter mariskalak Putin, Saudi Arabia, Egipto eta Arabiar Emirerri Batuen babesa du. Bitartean, Parisek eta Washingtonek babes politikoa eman diote.

Bestalde, Al Serrajen GNAk EB, NBE, Italia eta Qatarren babes politikoa eta finantzieroa du, eta Turkiaren babes militarra, arma-blokeoaren kontra.

Nazioarteko eragile guztiak negoziazio mahai batean biltzea, berez, arrakasta bat zen Alemaniarentzako bitartekari gisa; izan ere, Berlinek ez du zuzeneko interesik Libian.

Magrebeko herrialdea petrolioan aberatsa da, eta Afrikako pertsona migratzaileak Europara heltzeko bidea da; bigarren horrek bereziki kezkatzen ditu Berlin eta Brusela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Alemania NBE Angela Merkel argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Zer gertatzen ari da Libian?