Mundua -

Australia

Uholdeak izateko arriskua dago Australian, baita suteak izan diren zonaldeetan ere

Datozen egunetarako espero diren prezipitazio handiak suteek gehien kaltetutako eremuetan ere izango dira. Herrialde osoan ia 12 milioi hektarea erre dira jada.

Australian uholdeak izateko arriskua dagoela ohartarazi dute tokiko agintariek. Argazkia: EFE
Australian uholdeak izateko arriskua dagoela ohartarazi dute tokiko agintariek.
Australian uholdeak izateko arriskua dagoela ohartarazi dute tokiko agintariek. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Australiako Hegoaldeko Gales Berria estatuan haize-ufada handiak eta txingorra izan dituzte azken orduetan, eta, horrez gain, uholdeak izateko arriskua dagoela esan du Australiako Meteorologia Zerbitzuak. Suteek kalte handiak egin dituzte bertan. Izan ere, ia 12 milioi hektarea erre dira herrialdean irailetik, eta 30 pertsona hil.

Australiako agintariek ohartarazi dutenez, datozen egunetarako prezipitazio ugari espero dira Queensland estuaren hegoaldean (ipar-ekialdea) eta Victoria aldean (hegoaldea), eta euriteek uholdeak izateko arriskua sor dezakete, Melbourneko zenbait gunetan asteburuan gertatu den bezala.

Aurreko astean, suteak izan diren hiru estatuetan izan dira euriteak, eta eguraldiaren aldaketa horrek nolabaiteko lasaitasuna eman die inguruan lanean ari diren suhiltzaileei, urtarriletik suari atsedenik gabe aurre egiten ari baitira.

Alabaina, suhiltzaileek jakinarazi dutenez, Hegoaldeko Gales Berrian 68 sute piztuta daude oraindik, eta Victoria estatuan, berriz, 27.

Suteen balantzea

Australiak muturreko tenperatura altuak jasan ditu aurreko asteetan, eta, egun batzuetan, 40 ºC-tik gorako tenperaturak eta 90 km/h-ko haize-boladak izan dituzte landa-eremu askotan.

Testuinguru horretan, eguraldiak zaildu egin du herrialde osoan ia 12 milioi hektarea erre dituzten suteak itzaltzea. Baso-suteek milioika euroko kalteak utzi dituzte, eta kalte handia egin diote biodibertsitateari ere.

Horrez gain, Mendi Urdinak mendikate basotsua ia osorik (% 80) suntsitu du suak. Hegoaldeko Gales Berrian dagoen eremu hori gizateriaren ondare izendatu zuten.

Baso-suteek Australiako turismoan izan dezakeen eraginak 3.000 milioi eurorainoko galerak utz ditzake sektorean aurten, Australiako Esportazio eta Turismo Kontseiluaren txosten baten arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Uholdeak Australia