Mundua -

Wuhango pneumonia

Koronabirusak 80 hildako eta 2.744 kutsatu utzi ditu dagoeneko Txinan

Bestalde, Europar Batasuneko Segurtasun Sanitarioko Batzordeak bilera deitu du gaurko, koronabirus berriari aurre egiteko "erantzun aukerak eta prestaketa beharrak eztabaidatzeko".

Txinako ospitale bat. Argazkia: EFE
Txinako ospitale bat.
Txinako ospitale bat. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Wuhanen (Txina) sortu den koronabirus berriak 80 hildako eta 2.744 kutsatu utzi ditu dagoeneko Asiako herrialdean. Ildo horretatik, 461 gaixo larri daude, eta beste 51 pazienteri alta eman diete, Txinako Osasun Batzordeak bere eguneroko txostenean azaldu duenez.  

Hubei probintziako zortzi hirik (besteak beste, 11 milioi biztanleko Wuhan hiriburua) bertan behera utzi dute garraioa, eta zenbait probintziak osasun alerta maila gorenean jarri dute birusa zabaltzea eragozteko.

Azken egunotan, medikuek 32.799 pertsona artatu dituzte koronabirusarekin lotuta, eta, horietatik, 30.453 pazientek behaketan jarraitzen dute. Testuinguru horretan, Tibet da oraindik inor kutsatu ez den Asiako probintzia bakarra.

Txinatik kanpo, zortzi kutsatu daude Thailandian, bost AEBn, eta launa ondorengo herrialde hauetan: Australia, Singapur, Malaysia, Taiwan, Frantzia eta Japonia. Halaber, koronabirusak eragindako pneumoniagatik hiru pertsona artatu dituzte Hego Korean, bi Vietnamen, bat Nepalen eta beste bat Kanadan.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2019-nCoV izena jarri dio koronabirus berriari. Hotzeria baten antzekoak dira birus-familia zabal horren sintoma nagusiak, baina,  sukarra, eztula eta arnasa hartzeko zailtasunak izan dezakete gaixo batzuek.

Osasun Segurtasuneko Batzordearen vilera

Bestalde, Stella Kyriakides Europar Batasuneko Osasun komisarioak Segurtasun Sanitarioko Batzordearen bilera deitu du gaurko, koronabirus berriari aurre egiteko "erantzun aukerak eta prestaketa beharrak eztabaidatzeko".

"Egoera gertutik jarraitzen ari gara, eta astelehenerako bilera bat deitu dut, Europar Batasuneko kideen erantzun aukerak eta prestaketa beharrak eztabaidatzeko", adierazi zuen atzi EBko Osasun komisarioak Twitter bidez zabaldutako mezu batean.

Batzordea, aholkularitza-talde bat da, eta EBko estatuek larrialdi medikoen aurrean duten koordinazioa indartzeko betebeharra du.

OMEk ebatzi du "goizegi" dela agerraldiaren ondorioz nazioarteko osasun publikoaren larrialdia ezartzeko, baina ohartarazi du Txinan larrialdi bat badagoela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Txina Europa Frantzia Gaixotasunak Japonia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Australia Erizaintza Kanada Koronabirusa