Mundua -

Erresuma Batua

Muga-zergarik eta kuotarik gabeko akordioa eskaini dio EBk Erresuma Batuari

"Anbizio handiko" akordio komertziala da, Michel Barnierren esanetan. Europar Batasunak Erresuma Batuarekin aurrerantzean izango duen harremana negoziatzeko izendatu dute Barnier, 'brexita'ren ostean.

Michel Barnier, EBko negoziatzailea. Argazkia: EFE
Michel Barnier EBko negoziatzailea
Michel Barnier, EBko negoziatzailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak (EBk) muga-zergarik eta kuotarik gabeko "anbizio handiko" merkataritza-akordioa negoziatzea eskaini dio Erresuma Batuari, aurrerantzean bi aldeek izango duten harremanerako. Akordio horrek merkatu bakarrean sartzen diren ondasun guztietan izango luke eragina.

"Etorkizuneko harreman honetako euskarri nagusi moduan, anbizio handiko akordio komertziala eskaintzeko prest gaude. Akordio horretan, 450 milioi lagunetako gure merkatu bakarrean sartzen diren ondasun guztietarako ez legoke ez muga-zergarik ezta kuotarik ere", esan du Michel Barnierrek, prentsaurrekoan. Europar Batasunak Erresuma Batuarekin aurrerantzean izango duen harremana negoziatzeko izendatu dute Barnier, brexitaren ostean.

Europako Batzordeak Londresekin egingo duen negoziaziorako ildoen proposamena aurkeztu du Barnierrek komunikabideen aurrean. Negoziatzaileak onartu egin du bi aldeen arteko "lehia handia" izango dela, eta hori "normaltzat" jo du, baina azpimarratu du Batzordearen proposamenak "argi" uzten duela "ohiz kanpoko eskaintza honek gutxienez bi baldintza" dituela: "Bata da bermatu behar dugula lehia irekia eta zuzena dela, eta hala izaten jarraituko duela", adierazi du, eta gogora ekarri du adostuta dutela Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarekin etorkizuneko harremanak saihestuko dituela "lehiako bidegabeko abantailak"; "orain berme espezifikoak eta eraginkorrak adostu behar ditugu, epe luzera baldintza-berdintasuna ziurtatzeko. Horrek esan nahi du indarrean ditugun estandarrei eusteko baliabideak hitzartu behar ditugula, hainbat arlotan; adibidez, maila sozialean, ingurumenari begira, klimarekin lotuta, zerga-sisteman, edo Estatu laguntzetan", jarraitu du. Bigarren baldintza litzateke hitzarmenak "arrantza-akordioa" jaso beharko lukeela.

"Akordio honek eutsi behar dio merkatuetarako eta uretarako elkarrenganako sarbide jarraituari", zehaztutako kuota batzuekin, zehaztu du Barnierrek.

Segurtasunari dagokionez, EBko negoziatzaileak adierazi du terrorismoaren edo ziberdelinkuentziaren aurkako borrokak Londresen eta Bruselarten arteko "lankidetza estua" eskatzen duela, "epe ertainera eta epe luzera". Aipatu ere aipatu ditu ondorengo erronkak: "Gure demokraziak desegonkortu nahi duten taldeengandik etorritako gure kanpo-segurtasunerako mehatxuak, datuen trukea, edo, zigor-arloan, lankidetza judiala eta poliziala".

Ohartarazi du, halaber, etorkizuneko edozein lankidetzak, segurtasun-arloan, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak eta datuak babesteko estandarrak errespetatu beharko dituela; lankidetza horretan egon litezkeen desadostasunei konponbidea topatze aldera, baliabideak bideratuko dituzte.

Erresuma Batuak Europar Batasuna utzita, otsailaren 1ean trantsizio-epea hasi da, gutxienez 2020ko abenduaren 31ra arte. Epe horretan, EBko legeek indarrean jarraituko dute Erresuma Batuan, eta, bitartean, Londresek eta Bruselak hemendik aurrera izango duten harremana negoziatuko dute. Aurreikuspena da astelehen honetako proposamenari otsailaren 25ean ematea oniritzia Europako ministroek; une horretan hasiko da EBren eta Erresuma Batuaren arteko negoziazioa.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Londres