Mundua -
2021-2027
EBko buruzagiek ez dute aurrekontuaren inguruko akordiorik lortu
Estatu batzuek murrizketak eskatzen dituzte; beste batzuek, ostera, anbizio handiagoa aldarrikatzen dute. Negoziazioak bi eguneko iraupena izan du.
Agentzia | Erredakzioa
Europar Batasuneko (EB) estatuburuak eta gobernuburuak ez dira datozen zazpi urteetarako (2021-2027) aurrekontuaren inguruan akordio bat adosteko kapaz izan. Estatu batzuek murrizketak eskatzen dituzte; beste batzuek, ostera, anbizio handiagoa aldarrikatzen dute. Negoziazioak bi eguneko iraupena izan du.
Bi egunetan bi aldiz soilik bildu dira estatu guztiak elkarrekin. Bilera gehienak aldebikoak izan dira. Adostasun bat lortzen saiatzeko azken egitasmoa ordu erdi eskasean atzera bota dute estatu kideek.
"Azken asteetan eta egunetan oso gogor lan egin dugu akordio bat adosteko (…). Zoritxarrez, gaur posible ez zela ikusi dugu. Denbora gehiago behar dugu", adierazi du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak prentsaurrekoan, goi-bileraren amaieran. Erresuma Batuak EB utzi duenetik aurreneko bilera izan da.
Brexit-ak aurrekontuaren negoziazioa oztopatu duela onartu du Michelek. Adostasuna lortzea oso zaila izan da beti, baina brexit-ak 60.000 eta 75.000 milioi euro arteko zulo bat utzi du datozen zazpi urteetarako.
Michelek ez du hurrengo goi-bilera egiteko datarik aurreratu nahi izan. "Datozen egunetan eta asteetan elkarrizketa informalak" beharrezkoak izango direla esan du, "lan egiteko modurik egokiena eta errealistena aztertzeko".
Michelen ahotan, Estatu kideak "maila teknikoan prest daude" negoziazioa aurrera eramateko, baina "eztabaida politikoa" da, "kezka, iritzi eta interes bereziak dituzten" 27 herrialde ados jartzea, alegia.
Bestalde, Ursula von de Leyen Europako Batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, aurrekontuaren inguruko akordio bat ixtea "premiazkoa" da, 2021era kontuak adostu gabe heltzen badira "Erasmuserako, mugak babesteko edo ikerketarako baliabiderik ez dugu izango".