Mundua -
Atentatu bikoitza Norvegian
150.000 pertsona kalera atera dira Norvegian, indarkeriaren aurka
"Arrosaren martxa" izeneko manifestazioa egin dute Oslon eta herrialdeko beste hainbat hiritan, ostiraleko atentatuetako 76 biktimak omentzeko.
Erredakzioa
150.000 pertsona baino gehiago kalera atera dira Oslon eta Norvegiako beste hainbat hiritan, "Arrosaren martxa" deitutakoan, ostiralean hiriburuan jazotako bi atentatuetako 76 biktimak omentzeko.
Oslon, herritarrak loreak eskuan abiatu dira erdigunean barrena, bonba-autoa lehertu zen tokitik gertu. Besteak beste, Haakon printzeak eta Jens Stoltenberg lehen ministroak hartu dute parte manifestazioan.
Martxa amaitutakoan, Haakonek adierazi du kaleak "amodio bete" daudela, eta ostiraleko atentatuak "atzeraezinak" badira ere, norvegiarrek "ondorioak" erabaki behar dituztela gaineratu du.
"Gorrotoari batasunarekin erantzutea erabaki dugu. Gure balioen alde mobilizatzea erabaki dugu. Norvegia lutoan dago. Heriotzak edo desagertzeak pairatu dituztenak eta heroien moduko esfortzua egin dutenak gogoan ditugu", nabarmendu du.
Bere aldetik, Stoltenbergek tolerantzia eta demokrazia izpirituari eusteko eskatu die herritarrei: "Gaizkiak pertsona bat hil dezake, baina ezingo da herri oso batez jabetu".
Lehen ministroaren esanetan, erantzuna "irekitasun eta demokrazia handiagoa" izan behar da.
Bere aldetik, sozialdemokrata gazteen buruak, Eskil Pederesenek, esan du erasoek "betiko" aldatu dutela Norvegia, baina herritarren esku dagoela aldaketa hori nola den erabakitzea.
Manifestazioari amaiera emateko, partaideek altxatu egin dituzte arrosak, eta "Ja, vi elsker" ("Bai, guk maite egiten dugu") kanta abestu dute.
Martxa Udaletxe Plazan amaitu da, baina, ondoren, herritar asko katedralera joan dira, arrosak han uzteko.