Mundua -

Koronabirusa

Kaliforniak etxean geratzeko agindu die herritarrei, koronabirusa dela eta

Kaliforniako gobernadoreak ez du zehaztu noiz arte egongo den indarrean debekua, baina urruntze soziala kontuan izateko eskatu die Kalifornian bizi diren herritarrei.

Koronabirusaren agerraldiaren ondorioz Santa Monican itxita dagoen jolas-parkea. Argazkia: EFE
Koronabirusaren agerraldiaren ondorioz Santa Monican itxita dagoen jolas-parkea.
Koronabirusaren agerraldiaren ondorioz Santa Monican itxita dagoen jolas-parkea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gavin Newsom Kaliforniako gobernadoreak etxean geratzeko agindu die estatuko herritarrei, 40 milioi inguru, COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzak eragindako pandemiari aurre egiteko. Koronabirusagatik lurraldean ezartzen den lehen neurri murriztailea da.

Dena dela, Newsomek azaldu duenez, salbuespen batzuk ezarri dituzte, eta, ondorioz, herritarrak gasolindegietara, farmazietara, supermerkatuetara, merkatuetara, elikagai-bankuetara, janaria etxera eramateko prestatzen duten jatetxeetara, banketxeetara eta garbitegietara joan daitezke. Kalifornian, dagoeneko 19 pertsona hil dira koronabirusaren eraginez, eta 958 kasu atzeman dituzte.

Horrez gain, senide edo lagun bat zaindu edota osasun arreta jaso behar duten herritarrek etxetik ateratzeko baimena dute. Halaber, debekutik kanpo daude "oinarrizko" azpiegitura federaleko 16 sektoretako langileak, hala nola elikadura eta nekazaritza, osasuna, garraioak edo energia.

Newsomek ez du zehaztu noiz arte egongo den indarrean debekua, baina urruntze soziala kontuan izateko eskatu die Kalifornian bizi diren herritarrei, aurretik aipatutako arrazoiren batengatik kalera irten behar badute, Los Angeles Times egunkariak jakitera eman duenez.

"Haurrak etxetik ateratzen jarrai daiteke, sen ona eta urruntze soziala gogoan izanda", adierazi du Kaliforniako estatuko gobernadoreak, eta txakurrak ere paseatzera atera daitezkeela gaineratu du. "Ziur gaude herritarrek indarrean dagoen agindua beteko dutela", nabarmendu du.

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) COVID-19 gaitzak kutsatu gehien utzi dituen munduko seigarren herrialdea da. Izan ere, dagoeneko 14.200 kasu atzeman dituzte bertan, eta 200 baino gehiago hil dira. Nazioartean, 9.800 hildako eta 242.000 kutsatu baino gehiago daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Osasun albisteak Koronabirusa