Mundua -

Koronabirusa

Indiako 1.300 milioi herritarrek etxean egon beharko dute hiru astez

Indiako lehen ministroaren esanetan, "21 egun etxean egon behar izatea denbora asko izan daiteke, baina mundu guztia salbu dagoela bermatzeko modu bakarra da".

Indiako 1.300 milioi herritarrek etxean egon beharko dute hiru astez. Argazkia: EFE
Indiako 1.300 milioi herritarrek etxean egon beharko dute hiru astez.
Indiako 1.300 milioi herritarrek etxean egon beharko dute hiru astez. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Narendra Modi Indiako lehen ministroak iragarri duenez, gauerditik aurrera eta hiru astez "erabateko" konfinamendua egongo da indarrean herrialdean, koronabirusa hedatzea saihesteko, eta horrek esan nahi du munduko itxialdirik handiena izango dela, 1.300 milioi pertsonari eragingo baitie.

"India salbatzeko" ezinbesteko neurria dela ziurtatu du Modik NDTV telebista-katean emandako hitzaldian, eta hurrengo 21 egunetan etxetik ez irteteko eskatu die herritarrei. Izan ere, hurrengo 21 egunetan pandemiari aurre egiteko gai ez badira, herrialdeak 21 urte egingo duela atzera esan du. "21 egun etxean egon behar izatea denbora asko izan daiteke, baina mundu guztia salbu dagoela bermatzeko modu bakarra da", azpimarratu du.

Modik distantziak errespetatzeko ere eskatu die herritarrei, kontuan izan beharreko prebentzio-neurri hori ez baita "gaixoentzat bakarrik". "Besteengandik urruntzea da koronabirusaren aurka borrokatzeko modu bakarra. Herritar guztientzat da mezua, familia guztientzat, baita lehen ministroarentzat ere", gaineratu du.

Horren harira, kutsatutako pertsona bakar batek aste gutxitan ehunka lagun kutsa ditzakeela ohartarazi du, bere esanetan, birusa "sua bezala zabaltzen baita". Indiako agintariek 500 kasutik gora baieztatu dituzte orain arte, eta bederatzi hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez.

Indiako gobernuburuak azpimarratu duenez, herrialdean ezarri berri duten prebentzio-neurria indarrean dagoen bitartean oinarrizko hornidurak bermatuta egongo dira, eta osasun sistema indartzeko baliabide gehiago bideratuko dituzte. Azken astean, hiri handietan blokeoak ezarri dituzte, eta garraiobideak eten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak India Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Asia Koronabirusa