Gizartea -

Koronabirusa COVID-19

380.000 kutsatu eta 16.500 hildako baino gehiago eragin ditu pandemiak mundu osoan

Txinan, Italian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Espainian daude positiboen erdia baino gehiago, guztira 227.000 kasu baino gehiago.

Wuhan hiria isolamendu egoeran. EiTB
Wuhan hiria isolamendu egoeran.
Wuhan hiria isolamendu egoeran. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako erdialdean, Hubei probintziako Wuhan hirian, sortutako koronabirusaren pandemiak 380.000 kutsatu eta 16.500 hildako baino gehiago eragin ditu dagoeneko, eta AEB da hirugarren herrialde kaltetuena, 46.000 kasu baino gehiagorekin; Espainia laugarren postuan dago zerrendan, 35.000 positibo baino gehiagorekin.

Johns Hopkins Unibertsitateak astearte honetan argitaratutako balantze orokorraren arabera, koronabirus berriaren pandemia 168 herrialde eta lurraldetan zabaldu da, eta 382.108 pertsona kutsatu eta 16.574 hildako eragin ditu guztira. COVID-19 gaitza zuten 101.857 pertsona sendatu dira, gehienak Txinan (73.000 baino gehiago).

Pandemiak gogorren astindu dituen lau herrialdeetan (Txina, Italia, AEB eta Espainia) 227.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte, mundu osoan birusak kutsatutako pertsona guztien erdia baino gehiago.

Txina da oraindik herrialde kaltetuena: 81.553 pertsona kutsatu, 3.281 hil eta 73.277 sendatu dira bertan.

Italiak bigarren postuan jarraitzen du: 63.927 kutsatu, 6.077 hildako eta 7.432 alta zenbatu dituzte.

AEB da zerrenda honetan hirugarren postuan, 46.450 kasu eta 593 hildakoa utzi baititu orain arte koronabirusak.

Laugarren Espainia dago, 35.136 positibo, 2.311 hildako eta 3.355 alta zenbatuta, astearte goizean (08:45) eguneratutako datuen arabera.

Alemania dago zerrendan hurrengo, bosgarren postuan: 29.056 kasu, 123 hildako eta 453 alta.

Ondoren, Iranen, 23.049 positibo eta 1.812 hildako utzi ditu, eta 8.376 pertsona sendatu dira.

Jarraian, Frantzian, guztira 20.128 koronabirus kasu, 862 hildako eta sendatutako 2.207 pertsona zenbatu dituzte.

Ondoren, Hego Korea dago, hainbat astez Txinaren ostean munduan kutsatu gehien izan zituen herrialdea. Agerraldia ia kontrolpean izan arren, 9.037 positibo, 120 hildako eta 3.507 pertsona sendatuta zenbatu dituzte.

Suitzak 8.795 kasu positibo eta 120 hildako zenbatu ditu, eta Erresuma Batuak, 6.726 kasu eta 336 hildako.

Herbehereetan, bestalde, 4.767 kasu positibo izan dira, eta 214 pertsona hil dira; Austrian, berriz, 4.477 positibo eta 21 hildako zenbatu dituzte.

Belgika (3.743 positibo eta 88 hildako), Norvegia (2.625 kutsatu eta hamar hildako), Kanada (2.088 positibo eta 25 hildako), Portugal (2.060 kasu eta 23 hildako), Suedia (2.059 pertsona kutsatu eta 33 hildako) eta Australia (2.044 kasu eta zortzi hildako) daude zerrendan hurrengo postuetan.

Brasil, Danimarka, Turkia, Malaysia, Israel, Txekia, Japonia eta Irlanda dira mila pertsona baino gehiago kutsatuta dituzten herrialdeak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Txina Belgika Erresuma Batua Espainia Alemania Frantzia Gaixotasunak Japonia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Turkia Iran Israel Brasil Italia Norvegia Osasun albisteak Hego Korea Medikuak Suitza Suedia Portugal Irlanda Australia Erizaintza Kanada Danimarka Austria Koronabirusa