Mundua -

Koronabirusa

Heldu batek lagunduta paseatzeko aukera izango dute Italian adingabeek

Horrela, "jarduera fisikoak" eta "aisialdikoak" egin ahal izango dituzte aire zabalean, baina betiere familiako kide batek lagunduta eta urruntze soziala errespetatuz.

Milan (Italia). Artxiboko argazkia: EFE
Milan (Italia).
Milan (Italia). Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako Gobernuak kalera ateratzeko aukera eman die adingabeei, betiere guraso edo heldu bakar batek lagunduta eta etxe inguruetan, koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko asmoz ezarritako neurri murriztaileen aurrean ehunka eskaera jaso ondoren.  

Italiako Barne Ministerioak ohar baten bidez azaldu duenez, adingabeek paseatzeko edo korrika egiteko baimena izango dute aurrerantzean, baina urruntze soziala errespetatuz bakarrik atera ahal izango dira kalera, heldu batek lagunduta eta etxetik gertu.

"Garatzeko adinean dauden pertsona guztiak, hau da, 0 eta 18 urte bitarteko gazteak, aire zabalean jarduera fisikoak eta jolas-jarduerak egin ahal izatea ahalbidetzeko beharra partekatu dugu Osasun ministroarekin, baina betiere familiako kide batek lagunduta egon beharko dira, indarrean dagoen urruntze soziala errespetatuz".

Orain arte, 12.428 hildako eta 105.792 kutsatu eragin ditu koronabirusaren pandemiak herrialdean, eta herritarrek funtsezko erosketak egiteko edo osasun zein lan arrazoiengatik soilik dute etxetik ateratzeko aukera.

Testuinguru horretan, adingabeak ere kontuan hartzeko eta kalera gutxienez ordubete ateratzeko aukera emateko eskatu diote azken egunotan Italiako psikologo, hezitzaile eta guraso elkarteek Gobernuari, duela hiru astetik (hilabete bat gehiago Italia iparraldean), etxean egotera behartuak baitaude koronabirusa ez hedatzeko.

Halaber, Italiako 'Pediatra bat lagun gisa' (UPPA) aldizkariak sinadura bilketa abiatu zuen herrialdean Gobernuari "haurren beharrak" kontuan har ditzala eskatzeko, izan ere, "gaur egun bizi duten isolamendu luzearen egoeraren ondorioz gazteenen osasuna eta ongizatea arriskuan jartzen dituzten arazoak sor daitezke".

"Kezka handia adierazten dugu haurrek ez dutelako etxetik irteteko inolako aukerarik, maskotekin gertatzen ez den bezala, txakurrek etxetik kanpo dituzten behar fisiologikoak asetzeko eskubidea baitute", gaineratzen du oharrak.

"Haurrak eta gazteak haien etxeko hormen artean geldi egon behar dira eguneko 24 orduetan, askotan apartamentu oso txikietan, familiako kide askorekin batera, eta horrek, pediatrek eta psikologoek adierazi duten bezala, kalte handia egin diezaieke luzarora beren osasun fisiko eta mentalean", idatzi zuten testu horretan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Gaixotasunak Grezia Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Medikuak Erroma Umeak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa