Mundua -
Egipton
Mubaraken aurkako epaiketa abuztuaren 15era arte atzeratu dute
Joan den otsailean Presidentziari uko egin zuenetik Mubaraken lehen agerraldia izan da. Heriotza-zigorrari aurre egiten diote akusatuek manifestarien aurkako erasoak baimentzeagatik.
Erredakzioa
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiaren aurkako epaiketa datorren abuztuaren 15era arte atzeratu dute. Urte hasieran bere kontrako altxamenduan hainbat herritarren hilketen erantzule izateagatik eta boterearen gehiegizko erabileragatik epaitzen ari dira Mubarak.
Saioaren amaieran, Ahmed Refat epaileak adierazi du Mubarak Kairo eta Ismailia hiriak lotzen dituen errepidean dagoen nazioarteko zentro mediko batera eramango dutela. Hortaz, agintari ohia ez da joan den apirilaren 12tik zegoen Sharm el Sheij ospitalera itzuliko. Epaileak azaldu duenaren arabera, orain arteko mediku taldearekin jarraituko du akusatuak.
Gainera, tumoreetan aditua den eta Kairoko Unibertsitatean irakaslea den Yacer Salah abdel Qader izeneko medikuak mediku taldearekin batera Mubaraken osasuna zaintzeko baimena eman du.
Refatek hurrengo saioan ere akusatuak, Mubarak eta Alaa eta Gamal semeak, berriz ere ekartzea eskatu dio Fiskaltzari. Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiaren eta Alaa eta Gamal bere bi semeen hitzetan, beraiek ez zuten manifestarien aurkako erasoetan parte hartu.
Habib al Adli Egiptoko Barne ministro ohiaren eta sei aholkulariren aurkako epaiketaren hurrengo saioa, berriz, bihar izango eta Kairoko kanpoaldeko Tora kartzelan atxilotuak dauden akusatuak bertan izango dira.
Joan den otsailean Presidentziari uko egin zuenetik Mubaraken lehen agerraldia izan da.
Heriotza-zigorrari aurre egiten diote akusatuek manifestarien aurkako erasoak baimentzeagatik. Guztira, 850 pertsona hil ziren Mubaraken agintaldiari amaiera jarri zion matxinadan.