Mundua -

Koronabirusa

Asiako ekonomia % 2,2 haziko da bakarrik aurten, baina gora egingo du 2021ean

Koronabirusaren ondorioz, munduan 2 bilioi eta 4,1 bilioi dolar artean galduko dira, hau da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 2,3 eta % 4,8 artean.

Wuhan (Txina). Artxiboko argazkia: EFE
Wuhan (Txina).
Wuhan (Txina). Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 gaitzak eragindako atzeraldiaren ondorioz Asiako ekonomia % 2,2 haziko da bakarrik aurten, baina datorren urtera begira % 6,1 baino gehiago igoko dela aurreikusi du Asiako Garapenerako Bankuak (AGB) urteko txostenean, betiere pandemia kontrolatu eta jarduera normalizatzen bada. Gauzak horrela, kreditu erakundeak nabarmen jaitsi egin ditu koronabirusaren agerraldia baino lehen urte honetarako egindako ekonomiaren hazkunde aurreikuspenak, iazko irailean % 5,5ean kokatu baitzituen.

Asiako Garapenerako Bankuaren arabera, iaz ekonomia % 5,2 eta aurreko urtean % 5,9 hazi ostean, ekonomiaren hazkundeari buruzko aurreikuspen horrek porrot handia suposatzen du eskualdearentzat. Gainera, Hego Korea, Singapur, Hong Kong eta Taiwan alde batera utzita, garapen bidean dauden ekonomiak % 2,4 haziko dira aurten, 2019ko % 5,7aren aldean, eta % 6,7 suspertuko dira 2021ean.

Koronabirusaren ondorioz, munduan 2 bilioi eta 4,1 bilioi dolar artean galduko dira, hau da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 2,3 eta % 4,8 artean, Asiako Garapenerako Bankuak egindako txostenaren arabera. Otsailean, ordea, COVID-19 gaitza pandemia bilakatu aurretik, galera horiek mundu mailako BPGaren % 0,4 baino gehiago ez zirela izango adierazi zuen erakunde horrek.

"Pandemiaren bilakaera eta, beraz, Asiako zein mundu osoko ekonomiarako hazkunde-aurreikuspenak oso zalantzazkoak dira. Hazkundea apalagoa izan daiteke, eta susperraldia uneotan aurreikusten ari garena baino motelagoa", ohartarazi du Yasuyuki Sawada AGBko ekonomialari buruak.

COVID-19 gaitza Wuhanen atzeman ondoren, lehen hiruhilekoan Txinak atzeraldi handia izan zuen industrian, zerbitzuetan, inbertsioan eta salmenta txikietan. Gauzak horrela, Txinako ekonomia % 2,3an geratuko da aurten, aurreikuspenen arabera, eta % 7,3ra igoko da 2021ean, beste herrialdeen gainetik kokatuz eta hurrengo urteetan egonkortu aurretik.

Garapen bidean dauden Asiako tokietan, eskaera globalaren beherakadak gehien kaltetutako eremuak ekonomikoki irekienak izango dira, hala nola Asiako hego-ekialdea (Aurten% 1 baino ez da haziko Txinarekin duen loturagatik ) edo turismoaren mendekoak, hala nola Ozeano Barea (2020an % 0,3 egingo du behera), 2021ean datu positiboetara itzultzeko (% 2,7).

Asia hegoaldea % 4,1era jaitsiko da 2020an eta% 6 suspertuko da 2021ean; Asia Erdialdea, berriz,% 2,8 baino ez da haziko aurten. Indian, hazkunde aurreikuspena % 4koa izango da aurten, eta 2021ean % 6,2koa.      

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Txina Europa Gaixotasunak Japonia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak India Latinoamerika Osasun albisteak Hego Korea Ipar Korea Medikuak Erizaintza Sendagaiak Indonesia Asia Koronabirusa BPGd