Mundua -

Koronabirusa

AEBn immigrazioa partzialki eteteko neurria sinatu du Trumpek

Trumpek bultzatutako neurriak 26.000 laguni eragingo die hilero. Gauzak horrela, urtean ematen dituzten txartelen kopurua % 33 inguru murriztea lortuko dute.

Donald Trump, Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump, Ameriketako Estatu Batuetako presidentea.
Donald Trump, Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak asteazken honetan sinatu du immigrazioa behin-behinean eteteko neurria, COVID-19 gaitzak eragindako krisiaren ondorioz herrialdean suntsitu diren enpleguak aitzakia gisa erabiliz.

Zehazki, herrialdean bizileku iraunkorra lortu nahi duten pertsonei soilik aplikatuko zaie, alegia, green card izenarekin ezagutzen den txartela eskuratu nahi dutenei. Oraingoz, baimen horien tramitazioa 60 egunez etenda egongo da, eta ez die eragingo aldi baterako herrialdean sartzen diren langileei. Ezarritako epea amaitutakoan, herrialdearen egoera aztertuko du erabaki bat hartu aurretik.

Trumpek bultzatutako neurriak 26.000 laguni eragingo die hilero. Gauzak horrela, urtean ematen dituzten txartelen kopurua % 33 inguru murriztea lortuko dute.

Koronabirusa immigrazioa murrizteko aitzakia gisa erabiltzen ari ote den galdetuta, ezetz erantzun du Trumpek. "Ez", esan du, eta erabaki horrekin langabezian geratu diren estatubatuarrak babestu nahi dituela ziurtatu du.

Astelehenean, neurria iragartzeko Twitter bidez zabaldu zuen mezuan, arrazoi bera eman zuen Trumpek. Hain zuzen ere, erabaki hori "bikainak" diren AEBko herritarren "lanpostuak babesteko" hartu duela ziurtatu zuen. Testuinguru horretan, neurri horrek AEBko ekonomian izango dituen ondorioak nabarmendu ditu agintariak, eta "langile estatubatuarrak babestuko ditu", gaineratu du.

Dena dela, urte amaierarako aurreikusita dauden hauteskundeetarako kanpainan immigrazioa "aldi baterako" bertan behera uztearen aldeko adierazpenak egin ditu Trumpek, baita horren hautagaitzaren aldekoek ere. 2016ko hauteskunde-kanpainan, immigrazioaren aurkako adierazpenak erdigunean kokatu zituen agintari estatubatuarrak.

Gainera, koronabirusak eragindako pandemiaren lehen unetik, herrialdea isolatzea helburu duten hainbat neurri hartu ditu, hala nola Txinan egon diren atzerritar guztiei AEBrako sarrera debekatzea edo Europatik herrialderako hegaldi guztiak bertan behera uztea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Donald Trump Latinoamerika Donald Trump hesia Kanada Errefuxiatuak Giza eskubideak