Mundua -

Koronabirusa

AEBk MOEri egindako ekarpenak eteteko agindu du Trumpek, pandemia betean

Egoera txarto kudeatzea eta koronabirusaren hedapena ezkutatzea leporatu dio AEBko presidenteak erakundeari, eta funtsik gabe utzi du ikerketa burutu arte.

Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuak Munduko Osasun Erakundeari (MOE) egiten dizkion ekarpenak eteteko agindu du Donald Trump herrialde horretako presidenteak. Zehazki, COVID-19 gaitzari mundu osoan ematen ari zaion erantzuna koordinatzen ari den erakunde nagusia da. Trumpek joan den astean jakinarazi zuen ez zegoela pozik MOErekin, koronabirusaren agerraldiaren aurrean egindako kudeaketagatik, baina pandemia betean organismoari finantzazioa moztea ez zela egokiena aitortu zuen.

Astebete geroago, ordea, Trumpek ez du zalantzarik izan bere gobernuak erakundeari zuzentzen dizkion funtsak eteteko. Polemika handia sortu duen erabaki horrek aurretik hartutako beste batzuk ekarri ditu gogora, AEB UNESCOtik, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseilutik, klima aldaketari buruzko Parisko akordiotik edo Iranekin egindako itun nuklearretik atera zenekoa, esaterako.

"MOEri zuzendutako funtsak eteteko agindua eman diot gaur nire gobernuari, koronabirusaren agerraldiaren aurrean egindako kudeaketa txarra eta horren hedapena ezkutatzeko erakundeak izandako ardura aztertzen dudan bitartean", iragarri du Trumpek Etxe Zurian egindako agerraldian.

Testuinguru horretan, birusaren hedapenaren aurrean MOEk mugak ez ixteko hartutako erabakia gogora ekarri du Trumpek bere jarrera arrazoitzeko orduan. Horrez gain, aurretik neurriak hartu ez izana leporatu dio erakundeari, eta Txinaz fidatzeagatik ez ezik, Pekingo Gobernua "goraipatzeagatik" erabaki du ekarpenak etetea.

"Koronabirusaren agerraldiarekin zalantza handiak ditugu AEBren eskuzabaltasunari ahalik eta erabilerarik onena eman ote zaion", gaineratu du Trumpek, eta Washingtonek urtean 400 eta 500 milioi dolar artean (aurrekontuaren ia % 15) ematen dizkiola gogora ekarri du. Izan ere, AEB da MOEri diru gehien ematen dion herrialdea.

New Yorken, AEBko koronabirusaren epizentroan, dagoeneko 11.000 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz, baina oraindik ez dituzte datuak eguneratu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Txina Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Donald Trump Italia Latinoamerika Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Asia Gobernuz Kanpoko Erakundeak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundearen albisteak