Itxi

Mundua

Tentsioa

Venezuelako erasoekin zerikusirik ez duela adierazi du Trumpek

Agentziak | Erredakzioa

Amerikako Estatu Batuetako Gobernuak ez duela zerikusirik izan Venezuelan eman diren itsaso-inbasioekin, ziurtatu du Donald Trump presidenteak.

  • Donald Trump

    Donald Trump, Amerikako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE

Amerikako Estatu Batuetako presidentea den Donald Trumpek astelehen honetan esan du, ez duela zerikusirik azken egunetan Venezuelan eman diren itsaso-inbasioekin. Gutxienez bi hildako egon eta bi estatubatuar atxilotuak izan ziren inbasio horietan.

"Oraintxe jaso dut informazioa. Gure Gobernuak ez du zerikusirik izan horretan, eta ikerketa zabalduko dugu. Honekin kezkatuta gaude, baina, dena dela, informatuta mantenduko zaituztegu, nahiz eta ez duen zerikusirik gure Gobernuarekin", esan du Donald Trumpek Etxe Zurian eskaini duen prentsaurrekoan.

Horixe da Trumpek Venezuelan gertatutakoari buruz ematen duen lehen erantzuna. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak astelehenean eman zuen Airan Berry eta Luke Denman estatubatuarren atxiloketen berri, eta Venezuelako Gobernuaren ustez "mertzenario" talde bateko kideak dira.

Astelehenean telebistaz eskaini zen agerraldian, Madurok bi atxilotuen pasaporteak, militar beteranoen agiriak, eta SilverCorp enpresako txartelak erakutsi zituen. Venezuelako Gobernuaren ustez, SilverCorpek lotura du huts egin zuten itsaso-inbasioekin. "Estatu Batuen eta Kolonbiaren gerra materiala" ere erakutsi zuen Nicolas Madurok, kasko militarrak eta komunikazio ekipoak barne.

Bi gizon estatubatuar horiez gain, hamaika pertsona atxilotu zituzten astelehenean, ontzi bat Araguako estatura gerturatu zenean. Jazarpenak aurrera jarraitzen duela, eta atxiloketa gehiago ezin daitezkeela baztertu gogoratu du Venezuelako presidenteak. Igandean, zortzi pertsona hil eta beste bi atxilotuak izan ziren La Guairan huts egin zuen itsaso-inbasio baten ostean.

Donald Trump Estatu Batuetako presidentea denetik, 2017ko urtarriletik, tentsioa areagotu egin da AEBen eta Venezuelaren artean. Estatu Batuak izan zen Juan Guaido Venezuelako buruzagitzat onartu zuen lehen herrialdea 2019ko urtarrilean. Ordutik, isunak inposatuz Maduro isolatzeko nazioarteko kanpainaren buru izan da.

Guaido Maduro kargutik ketzen saiatu zen iazko apirilaren 30ean eman zen jaikialdi militarraren bitartez, baina huts egin zuen, eta Washington saiakeraren jakitun izan zen, nahiz eta ez zuela parte hartu ziurtatzen duen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena