Mundua -

Koronabirusa

Kontrol zorrotza Frantziako ipar-mendebaldean deseskalatzean, astelehenetik

Frantziako herritarren % 40 bertan bizi dira. Jendearen joan-etorriak beste gune batzuetan baino zorrotzago kontrolatuko dituzte.

Parisetik gertu dagoen laborategi bateko irudia. Argazkia: EFE.
Parisetik gertu dagoen laborategi bateko irudia
Parisetik gertu dagoen laborategi bateko irudia. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako ipar-mendebaldean, alegia, herrialdeko laurden batean, Frantziako herritarren gutxi gorabehera % 40 bizi diren eremu batean, jendearen joan-etorriak beste gune batzuetan baino zorrotzago kontrolatuko dituzte astelehenetik aurrera, hau da, konfinamenduaren malgutzea hasiko den egunetik aurrera. Duela bi hilabete hasi zen konfinamendua, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko.

Edouard Philippe lehen ministroak ostegun honetan iragarri duenez, deseskalatzean Frantzia "erdibituta" izango da, kontuan izanik departamentu bakoitzean COVID-19ak nola eragin duen eta pandemiari heltzeko departamentuen osasun-gaitasuna. "Ebolutiboa" den osasun-egoerara egokitzeko balio izango du horrek.

Frantziako Gobernuak hiru aste barru aztertuko du berriro egoera; Gobernuaren iritziz, hobera egin du. Ia 138.000 lagun kutsatu dira, eta ia 26.000 lagun hil dira. Herritarrei esan diete zuhurtziari eutsi behar diotela, batez ere departamentu kaltetuenetan.

Philippek onartu du COVID-19aren aurkako borroka ez dela amaitu, baina nabarmendu du ezinbestekoa dela herrialdeko bizitza ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea. Horretarako, test masiboak egingo dituzte: sintomak dituzten herritar guztiei eta haiekin kontaktuan izan diren guztiei egingo dizkiete.

Borgoinan eta Parisen, bigarren hezkuntzako ikastetxeak itxita

Iparraldeko eta ekialdeko departamentuetan, Borgoinan eta Parisen, parkeek eta bigarren hezkuntzako ikastetxeek itxita jarraituko dute. Ez da beharrezkoa izango, dagoeneko, zin egindako adierazpenik egitea, baina Gobernuaren gomendioa da joan-etorriak ahalik eta gehien murriztea.

Madagaskarreko iparraldean dagoen Mayotte uhartean, Gobernuak erabaki du herritarrek konfinamenduan jarraitzea; izan ere, birusaren eraginak gora egin du bertan.

Pariseko eskualdean, "espero baino kutsadura gehiago" erregistratu dira; beraz, deseskalatzea beste eskualde batzuetan baino geldoagoa izango da bertan.

Maskara derrigorrezkoa izango da garraio publikoetan; puntako orduetan, ezinbestekoak diren joan-etorriak egin behar dutenek bakarrik erabili ahalko dituzte. Neurri horiek ez betetzeak 135 euroko isuna ekarriko du.

Hamar lagunetik gorako topaketek debekatuta jarraituko dute

Frantzia osoan, hamar lagunetik gorako topaketek debekatuta jarraituko dute. Garbitasuna eta jendearen arteko urruntzea gomendatu dituzte, eta proposamena da joan-etorriak murriztea.

Departamentuen arteko 100 kilometrotik gorako bidaietarako, zin egindako adierazpena beharko da, eta bakarrik kasu justifikatuetan egin ahal izango dira. Mugak ekainera 15era arte izango dira itxita.

Hondartzek eta bainua hartzeko tokiek itxita jarraituko dute, baina, alkateek hala eskatuta, berriro ireki ahalko dituzte, gizarte-urruntzeko arau jakin batzuk beteta.

Tren-garraioen eskaintza mugatuko dute, herritarren joan-etorriak murrizteko, eta saltokiak kontrol- eta garbitasun-neurriekin zabalduko dira. Tabernak eta jatetxeak, baina, ezin izango dituzte ireki oraindik; hiru aste barru egin ahalko dute, ondoen dauden departamentuetan.

Guztira, 400.000 bat enpresa irekiko dira, hau da, 875.000 lanpostu. Herrialdeko ikastetxeetako % 80 zabalduko dituzte, milioi bat ikaslerekin eta 130.000 bat irakaslerekin. Gelako 15 ikasle baino gutxiago izango dira, eta kontrol-neurriak zorrotzak izango dira.

Gobernuak ez du baztertzen berriro konfinamendua ezartzea

Deseskalatzeak aurrera egingo du baldin eta hiru aste barru osasun-egoerak hobera egiten jarraitzen badu. Bestela, Gobernuak ez du baztertu herritarrak berriro konfinatzea.

Philippek adinekoak eta pertsona zaurgarriak bereziki zaintzeko eskatu du. Horiei, legeak ez die mugatuko joan-etorriak egiteko aukera, baina “erantzukizun-sena” eskatu die, zuhurtasuna muturrera eramateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iparraldea Europa bideoak Frantzia argazkiak Baionako argazkiak Biarritz argazkiak Maule Donibane Garazi bideoak Hendaia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Zuberoa azken ordukoa COVID kasuak Lapurdiko azken ordua Nafarroa Behereko azken ordukoa Deseskalatzea gaur Frantziako Gobernua