Mundua -

Koronabirusa

Osasun larrialdi egoera uztailaren 10era arte luzatu du Frantziak

Azken 24 orduetan koronabirusarekin 80 hildako gehiago izan dira, martxoaren 17az geroztik izandako hildako kopururik txikiena. Guztira, 26.310 pertsona hil dira Frantzian.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea
Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun larrialdi egoera datorren uztailaren 10era arte luzatzea onartu du larunbat honetan Frantziako Asanblada Nazionalak, lege-proiektuaren puntu polemikoen gainean senatariek eta diputatuek akordio lotu ostean.

Osasun larrialdi egoera luzatzeko baimendu duen lege-proiektuari oniritzia eman dio aurretik oposizioko eskuin-alderdiaren esku dagoen goi-ganberak. Gero, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen esku dagoen Asanblada Nazionalak onartu du testua.

Lege-proposamenak 252 aldeko boza jaso ditu (Gobernuko alderdia, kontserbadoreak eta talde txiki independenteak), eta 87 kontrako boza (sozialistak eta komunistak).

Hildakoen datuen gaurkotuak

Frantziako Osasun Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, azken 24 orduetan koronabirusarekin 80 hildako gehiago izan dira, martxoaren 17az geroztik izandako hildako kopururik txikiena. Martxoaren 1az geroztik, 26.310 lagun hil dira Frantzian (16.573 hildako ospitaletan eta 9.737 adinekoen egoitzetan).

Gainera, 22.614 lagun daude ospitaleratuta (110 gutxiago ostiralarekin alderatuta), eta 2.812 lagun zaintza intentsiboetan (56 gutxiago). Horrek kasu larrien murrizte geldoa baieztatzen du.

Guztira, martxoaren 1az geroztik 138.854 positibo izan dira eta, pandemia hasi zenetik, 56.038k alta jaso dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Emmanuel Macron Koronabirusa Deseskalatzea Macronen Gobernua