Mundua -

Gerra Libian

Gadafiren seme batek agerraldia egin du aita onik dagoela esateko

Saif el Islamek agerraldi publikoa egin du, atzo matxinoek atxilotu egin zutela zabaldu eta gero. Tripoliko hainbat auzotan errebeldeen eta Gadafiren aldekoen arteko borroka gogorrak dira nagusi.

Saif al Islam. Argazkia: EITB
Saif al Islam. Argazkia: EITB
Saif al Islam, aske

01:51

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiako hiriburua, Tripoli, ia osorik bereganatu dute azken orduetan errebeldeek. Muhamar Gadafi koronelaren arrastorik ez da inon ageri, baina Saif al Islam semeak salbu eta onik dagoela jakinarazi du.

Atzo Gadafiren hiru seme atxilotu zituztela zabaldu zuten matxinoek, baina horietako bat, Saif al Islam, libiar erregimenean pisu handia duen gizona, Tripoliko kaleetan agertu da gaur gauean Armadako indarrek babestuta, atzoko berriak gezurtatzeko. Bere aita salbu eta onik dagoela esan du.

Borroka bortitzak

Abubakar Al Misrati oposizioko ordezkariak telebista batean esan duenez, borroka bortitzak gertatzen ari dira hainbat auzotan, baina bortitzenak Bab El Aziziya Gadafiren jauregiaren inguruan izaten ari dira.

Telebistako kateko korrespontsalak adierazi duenez, matxinoen buruek goizeko lehen orduak aprobetxatu nahi izan dituzte Muamar al Gadafiren jauregira gerturatu ahal izateko.

Bart lurraldearen hegoaldetik eta mendebaldetik matxino gehiago heldu dira, eta setioa indartzea erabaki dute.

"Milaka matxino daude hirierdiko Plaza Berdeam azken erasoa egiteko zain", esan du Al Yazira kateko korrespontsalak.

Matxinoen ordezkariek atzo esan zutenez, ia Tripoli osoa dute kontrolpean, baina zenbait tokitan Gadafiren aldekoek tinko eusten diote.

"Egoera ez da egonkorra. Tiroketak daude kale kantoi guztietan. Gadafiren indarrek tankeak atera dituzte eta portuaren eta jauregiaren inguruan daude", esan zuen atzo matxinoen ordezkari batek.

NATOK misioarekin jarraituko du oraindik

NATOk Libian duen misioa mantenduko du, aliantzako ordezkariek adierazi dutenez "eraso guztiak amaitu eta laguntza humanitarioa bideratu artean" bertan jarraituko dute.

"Gure misioaren helburua zibilak babestea da eta mehatxuak irauten duen bitartean ingurua airez babesten jarraituko dugu", adierazi dute NATOko iturriek.

Anders Fogh Ramsussen erakundeko idazkari nagusiak astelehenean esan zuenez, Gadafiren erregimena "suntsitzen" ari da, eta Libiako koronelak ezingo dio "hiritarren erasoari" aurre egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Egungo munduko albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Libia