Mundua -

Ekaitz bihurtuta

AEBetan 'Irene' urakanak egindako kalteak zenbatu dituzte

Ekaitzak 20 pertsona hil ditu, eta milioi euro askoko kalteak eta uholde handiak utzi ditu. Obamak nabarmendu duenez, "kostatuko zaigu suspertzea".

Kalte ugari jasan dituzte AEBetako ekialdeko kostaldeko hiri askok. Argazkia: EFE
Kalte ugari jasan dituzte AEBetako ekialdeko kostaldeko hiri askok. Argazkia: EFE
Kalte ugari jasan dituzte AEBetako ekialdeko kostaldeko hiri askok. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Irene' urakanak AEBetan egindako kalteak zenbatu dituzte agintariek astelehen honetan. Ekaitz bihurtutako fenomeno honek 20 pertsona hil, eta milioi euro askoko kalteak eta uholde handiak utzi ditu.

"Kostatuko zaigu herrialdea altxatzea. AEBetako bazter askotan nabaritzen dute oraindik ekaitz honen ondorioak", aitortu du astelehen honetan Barack Obama AEBetako presidenteak Etxe Zurian kazetarien aurrean egindako agerraldian. FEMA Hondamendi Naturalei aurre egiteko Agentzia Federalak behar duten laguntza guztia eskainiko die 'Irene'ren kalteak jasan dituztenei.

Komunikabideek emandako informazioen arabera, 21-27 pertsona hil ditu urakanak, bederatzi estatutan: Connecticut, Florida, Maryland, New Jersey, New York, Ipar Karolina, Virginia, Pennsylvania eta Vermont. Agintarien aburuz, haize-ufada gogorrek errotik ateratako zuhaitzak etxeen gainera erorita hil dira biktima gehienak.

Urakanak Ipar Karolina astindu du gogorren. Bertan, sei lagun hil ditu gutxienez, Saffir-Simpson eskalako lehen mailako urakan gisa heldu baitzen bertara.

Ekialdeko kostatik igaro zen heinean, 'Irene' indarra galtzen joan zen eta, azkenik, ekaitz tropikal bihurtuta iritsi zen New Yorkera. Igandean, Kanadako mugan zegoela, tropikal izaera galdu zuen 'Irene'k, AEBetako Urakanen Zentro Nazionalaren azken txostenaren arabera.

Lehenengo azterketen arabera, 'Irene'k egindako kalteak 1.000 eta 4.000 milioi dolar artekoak dira. Zenbait aholkulari pribaturen arabera, ordea, baliteke 10.000 milioi dolar ingurukoak izatea.

Konpontze lanek eta kaltedunentzako laguntzek datozen asteetan ere jarraituko dute. Lehen eginbeharretako bat argindarra berrezartzea da; izan ere, lau milioi familia argindarrik gabe daude.

Bostongo, Philadelphiako eta beste hainbat hiri handitako aireportu askotan hegaldiak bertan behera zeuden astelehen honetako lehenengo orduetan. Egunak aurrera egin ahala, dena den, aurreikusitako hegaldi gehienak atera dira.

New Yorkeko metroa 06:00etan hasi da berriz lanean asteburu osoan metroa, trena eta autobusa zerbitzu barik egon ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea