Mundua -
Desagerpena
Madeleineren inguruko ikerketa berriak 13 urteko misterioa argi lezake
Britainiar agintariek iragarri dutenez, Alemanian preso dagoen 43 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira. Madeleine McCann umea Praia da Luzen, Portugalen, desagertu zen, 2007an.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuko Polizia arreta biziz ari da jarraitzen Madeleine McCann britainiar neskatoaren desagerpenaren susmagarri berriaren inguruan Alemanian ireki duten ikerketa, hamahiru urteko misterioa argi bailezake.
Maddie txikiaren desagerpenaren kasuak hautsak harrotu ditu 2007an Algarven desagertu zenetik, eta ikerketa irauli egin da asteazken honetan, britainiar agintariek iragarri baitute “Bild” alemaniar egunkariak Christian B gisa identifikatu duen 43 urteko gizonezko bat, Alemanian zigorra betetzen ari dena, ikertzen ari direla.
Susmagarriak sexu indarkeriarekin lotutako delitu mordoa du bere historialean eta biktima adingabeei ere eraso izan die, Algarven bizi izan zen 1995 eta 2007. urteen artean eta neskatoa desagertu zen egunean Praia de Luzetik, mccanndarrak oporretan ziren ingurutik, gertu egon zen.
Braunschweig Alemaniako eskualdeko fiskaltzak hiltzat jotzen du neskatoa, atzo emandako prentsaurrekoan esan zuenez, eta hiltzailea identifikatu berri duten gizona delakoan dago. Aitzitik, britainiar prentsaren arabera, Scotland Yardek desagerpena ikertzen jarraitzen du, “ez baitu froga ziurrik Madeleine bizirik edo hilda dagoen”.
Neskatoaren gurasoek beti esan dute Madeleine, orduan hiru urte zituela, Praia de Luzeko apartamentuan neba-arrebekin batera (Amelie eta Sean, bi urte zituzten bikiak) lotan zegoela desagertu zela eta eurak ondoko jatetxe batean afaltzen zeudela lagun bikote batekin.