Mundua -

Koronabirusa

700 bizilagun dituen eraikin bat koarentenan jarri dute Alemanian, koronabirusagatik

Orain arte, 187.764 kasu zenbatu dituzte herrialdean, eta 8.856 pertsona hil dira. Koronabirusaren agerraldi berriek kolokan jarri dute estatu federatuetako agintarien kudeaketa.

Alemania. Argazkia: EFE
Alemania.
Alemania. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemania erdialdean dagoen Gotinga hiriko etxebizitza-eraikin batean bizi diren 700 bat pertsona koarentenan daude, eraikin horretan COVID-19arekin 100 bat bizilagun kutsatu direla baieztatu ostean, herrialde horretako osasun arloko agintariek jakinarazi dutenez. Eraikin horretako bizilagunek haien artean kontaktu estua izan dutela susmopean hartu dute neurri hori; gaitza zabaltzeko arriskua dagoela iritzita.

Hain zuzen ere, hiri horretako kutsatze-tasa 100.000 biztanleko 44,86koa izan da aste honetan, alegia, 100.000 biztanleko 50 ingurukoa (muga horretatik aurrera parametro bereziak ezarri behar dira). Ildo horretatik, Neukölln (Berlin) barruti ezaguneko zazpi etxebizitza-eraikinetan koronabirusaren beste agerraldi bat atzeman dute aste honetan, eta, ondorioz, 370 etxebizitzetako bizilagunei koarentena ezarri diete.

Horrez gain, hiltegietako eta haragi-produktuen lantegietako langileen artean baieztatutako positibo berrien ostean alarma piztu da herrialdean. Kasurik berriena Gütersloh hirian izan da, Alemania mendebaldean. Ipar Renania-Westfaliako "Land"eko osasun arloko agintariek atzo jakinarazi zutenez, 650 kasu atzeman dituzte hor.

Herritarrek, pandemiaren hasieratik salatu dute Alemaniako hiltegietako egoera, kasu ugari baieztatu baitira. Halaber, Coesfelden (Ipar Renania-Westfalia), haragi-produktuak ekoizteko beste lantegi bat itxi zuten maiatzaren hasieran, 129 kasu baieztatu ondoren.

Alemaniak, oro har, bere ohiko jarduera publiko eta ekonomiko ia osoa suspertu du jada. Orain arte, 187.764 kasu zenbatu dituzte herrialdean, Robert Koch Institutuak (RKI) emandako datuen arabera. Horrez gain, 174.100 gaixo sendatu dira, eta 8.856 pertsona hil dira.

Testunguru horretan, koronabirusaren agerraldi berriek kolokan jarri dute estatu federatuetako agintarien kudeaketa, haiei baitagokie pandemiarekin lotutako neurriak ezartzea edo horiek altxatzea.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, eskualdeetako agintariekin oinarrizko neurri orokorrak adosten saiatu da, baina, azken batean, horien esku dago neurriak ezartzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Alemania Angela Merkel Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea