Mundua -

Koronabirusa

1.331 kutsatze Alemaniako hiltegian; Gobernuak beste konfinamendu bat baztertu du

Azken orduetan, 300 positibo berri atzeman dituzte agerraldi horretan.

Ekintzaile bat, hiltegiarekin lotutako protesta batean. Argazkia: EFE.
Ekintzaile bat, hiltegiarekin lotutako protesta batean
Ekintzaile bat, hiltegiarekin lotutako protesta batean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Renania-Westfalia Alemaniako Estatuko agintariek baztertu egin dute, oraingoz behintzat, beste konfinamendu bat ezartzea, nahiz eta bertako hiltegi batean agertutako koronabirus-agerraldian 300 kasu gehiago atzeman dituzten azken orduetan; guztira, 1.331 kasu detektatu dituzte.

Estatuko lehen ministro Armin Laschete iritziz, ez dago arrazoirik beste koarentena bat deitzeko; hala esan du Guetersloch hirian dagoen hiltegia bisitatu ostean. Hori bai, oraindik 250 proba daude aztertzeke; langileei, 6.100 baino gehiago egin dizkiete.

Lascheten hitzetan, "pandemia arrisku handia da, baina agerraldiak ez du Estatuko herritarrentzako mehatxua nabarmen handitu". Ipar Renania-Westfalia koronabirusak gehien astindu duen lurraldeetakoa da Alemanian; izan ere, 40.921 kasu izan dira, eta 1.663 lagun hil.

Laschetek Alemaniako beste hainbat lider politikok baino presio handiagoa egin zuen gaixotasuna ez hedatzeko ezarritako neurriak arintzeko. Bitartean, Guetrslocheko Udaleko bozeramaile batek, DPA albiste-agentziari egindako adierazpenetan, azaldu du zainketa intentsiboetan dauden gaixoen artean bi arnasgailu bati lotuta daudela.

Larunbat honetan, 60 bat herritarrek elkarretaratzea egin dute hiltegiaren aurrean, enpresaren aurka egiteko: "Protestatzeko gaude hemen, jendearen eskubideak lapurtzen ari zaretelako", oihukatu dute manifestariek, ARD Alemaniako kate publikoaren arabera.

Erresuma Batua, Italia eta Portugal

Testuinguru horretan, Erresuma Batuan, guztira, 42.632 herritar hil dira dagoeneko COVID-19ak jota. Azken 24 orduetan, 43 lagun zendu dira, Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Larunbatetik, 1.221 positibo gehiago atzeman dituzte.

Italian, azken egunean, 24 hildako erregistratu eta 244 kutsadura gehiago atzean dituzte; guztira, 238.499 lagun kutsatu dira orain arte, eta 34.634 hil, Babes Zibilak igandean emandako balantzearen arabera.

Gainera, Portugalen, Osasun Ministerioak baieztatu du igande honetan beste bi heriotza, eta 292 kasu gehiago. Guztira, 39.000 positibo baino gehiago izan dira orain arte herrialdean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Alemania Gaixotasunak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Italia Medikuntza albisteak Portugal albisteak COVID kasuak