Mundua -

Luizia Birmanian

Gutxienez 162 pertsona hil dira Birmanian, meategi batean izandako luizi batean

Tokiko agintariek baieztatu dutenez, ehunka meatzari lurperatuta geratu dira ostegun honetan montzoi garaiko euriteek eragindako luiziaren ondorioz.

304 metro baino gehiagoko muino altu bat erori da Birmanian, meategi batean. Argazkia: EFE
304 metro baino gehiagoko muino altu bat erori da Birmanian, meategi batean.
100 hildako baino gehiago Birmaniako jade meategi batean gertatutako istripu batean

1:56

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Birmaniako erreskate taldeek 162 pertsonaren gorpuak erreskatatu dituzte azken orduetan Katxin estatuan, Birmania iparraldean, meategi batean izandako luizi baten ostean, Birmaniako Informazio Ministerioak jakitera eman duenez. 

"304 metro baino gehiagoko muino altu bat erori da, inguruan lanean ari ziren beharginak lurperatuz", azaldu du herrialde horretako erreskate zerbitzuko kide batek, Birmaniako Gobernuak zabaldu duen ohar batean.

Tokiko agintariek ohartarazi dutenez, ehunka meatzari lurperatuta geratu dira montzoi garaiko euriteek eragindako luiziaren ondorioz. Luizia atzo, osteguna, jazo zen, 08:00ak aldera, Sate Mu herrian dagoen meategi batean, Hpakant eskualdean. 

Luizia gertatu denean, ehunka behargin zeuden meategian, eta horietako gehienak lurperatuta geratu direla uste dute agintariek, Poliziako agente batek Xinhua egunkariari azaldu dionez. Luiziak maiz gertatzen dira Katxin estatuan, bereziki Hpakant eskualdean. 

Herritar askok inguruko jade meategietan egiten dute lan, eta luizi gehienak hormak eta eustormak erortzean gertatzen dira. 2015eko azaroan, meategi batean lanean ari ziren 116 pertsona hil ziren, eskualde horretan izandako luizi batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak India Asia Lurrikaretan hildakoak Luiziak gaur