Mundua -

Europar Batasuneko Goi-bilera

750.000 milioiko funtsa sortzeko proposamen berria jarri dute mahai gainean

Koronabirusaren pandemiak gehien kaltetutako herrialdeei zuzendutako diru-laguntza 390.000 milioikoa izatea proposatu du orain Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak.

Emmanuel Macron, Angela Merkel eta Charles Michel. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron, Angela Merkel eta Charles Michel.
Emmanuel Macron, Angela Merkel eta Charles Michel. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko agintariek koronabirusaren pandemiaren osteko krisiari aurre egiteko funtsa eta 2021-2027 legealdirako aurrekontua adosteko negoziatzen segitzen dute astelehen honetan, laugarren egunez jarraian.

Arratsaldean abiatu behar zuten berriro goi-bilera, baina aldebiko bilerak eta kontsultak luzatu egin dira eta azkenean 21:25 inguruan (19:25 GMT) batzartu dira.

Aurrez, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak proposamen berria aurkeztu die EBko gobernuburuei berreraikitzerako 750.000 milioi euroko funtsa sortzeko.

Dokumentu berriaren arabera, diru-laguntza zuzenak 390.000 milioira murriztuko lirateke eta 360.000 milioi maileguen bidez emango lituzkete.

Horrez gain, 2021-2027 agintaldirako aurrekontua 1,074 bilioi eurokoa izatea proposatu du.

Halaber, subentzioetarako diru-saila 110.000 milioitan murriztuko litzateke, baina, kredituena beste horrenbeste haziko litzateke.  

Diru-laguntza horiek murriztea izan da Holandak, Austriak, Danimarkak, Suediak eta Finlandiak egindako eskaera nagusietako bat.

Ildo berean, herrialde horiek deskontu gehiago izango dituzte, aurrekontu komunitariora jasotzen dutena baino gehiago bideratzen dutelako.  

Orain Europar Batasuneko agintariek proposamen berri hori onartu ala ez erabaki beharko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa