Mundua -

Ekialde Hurbila

NBEn Estatu gisa sartzea eskatuko du Palestinak

Ekialdeko Jerusalemek, Zisjordaniak eta Gazako Zerrendak osatutako Estatu bat aldarrikatuko du Palestinar Aginte Nazionalak. Ekimenari betoa jarriko diola ohartarazi dute AEBek.

Mahmud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidentea. Argazkia: EFE
Mahmud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidentea
Mahmud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinako Lurraldeak NBEko Estatu kide gisa onartzea eskatuko dutela iragarri du Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak. Eskubide legitimoa dutela azaldu du Abbasek. Gainera, 126 herrialde baino gehiagok Estatu gisa onartu dutela gogorarazi du agintari palestinarrak.

"Nazio Batuetara joko dugu gure eskubide legitimoa eskatzeko, Palestina erakundean Estatu gisa sartzeko", adierazi du Abbasek telebistan emandako hitzaldi batean. Ekialdeko Jerusalemek, Zisjordaniak eta Gazako Zerrendak osatutako Estatu bat aldarrikatuko du Palestinar Aginte Nazionalak, 1967ko mugak aintzat hartuz.

"Segurtasun Kontseilura joango gara", baieztatu du Abbasek eta Palestinako buruzagiak txaloka hasi dira. Ekimena Kontseilura heltzen bada betoa jarriko diotela iragarri dute Amerikako Estatu Batuek.

NBEko Batzar Nagusia

NBEko Estatu kide izateko, Palestinako Lurraldeek Kontseiluaren babesa behar dute, baina Batzar Nagusira jo dezakete. Batzarra 193 kidek osatzen dute eta soilik gehiengo sinplearen babesa beharko lukete palestinarrek.

Batzar Nagusiaren oniritzia jaso ezkero Palestinak nazioarteko erakundeetan parte hartu ahal izango du. Horrela, Nazioarteko Zigor Auzitegian Zisjordaniako okupazioa salatzeko aukera izango luke Palestinak.

Ekimena irailaren 23an aurkeztuko du Abbasek NBEko Batzar Nagusian.

Aldez aurretik esandakoa errepikatu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Palestinako borondatearen aurrean: "Israelekin negoziaketa zuzena mantenduz soilik lortuko da bakea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea