Mundua -
Batzar Nagusia
Palestinarrak Abasek NBEn emango duen hitzaldiaren zain daude
Palestinako 120 manifestari inguru liskarrak izan dituzte Israelgo soldaduekin, Zisjordaniako hainbat puntutan, Abasek hitzaldia eman baino ordu batzuk lehenago.
Erredakzioa
Palestinako presidenteak, Mahmud Abasek, hitzaldia emango du gaur NBEren Batzar Nagusian, eta estatu palestinarra aitortzeko eskatuko dio nazioarteko komunitateari.
Arratsaldeko hitzaldiaren ostean, Palestina Askatzeko Erakundeko (PAE) presidenteak Palestina eskubide osoko estatu gisa aitortzeko eskaria emango dio NBEko idazkari nagusiari, Ban Ki-mooni.
ABEk, Israelek eta beste Estatu batzuk neurri horren kontra egin dute, eta azken egunotan Segurtasun Kontseiluaren bozketa eragozten saiatu dira, eta horretarako, konponbide moduan, konpromisoa eta geldituta dauden bake negoziazioei berriz ekitea eskaini dute.
Kontzentrazioak eta alerta maximoa
Palestina 194 ekimenak kontzentrazioak deitu ditu Zisjordaniako hiri nagusietan nazioarteko komunitateak herritarren nahia ezagutzeko.
Bestalde, Israelgo segurtasun zerbitzuek alerta maximoko egoera ezarri dute gaurko, hitzaldiaren ostean izan daitezkeen liskarrengatik.
Alerta egoera hiru aste luzatuko da, eta 9.000 agente eta milaka boluntario arituko dira lanean ezegonkortasun handiko Israelgo gunetan segurtasuna bermatzeko.
Liskarrak
Palestinako 120 manifestari inguru liskarrak izan dituzte gaur Israelgo soldaduekin, Zisjordaniako hainbat puntutan, presidente palestinarrak, Mahmud Abasek, hitzaldia eman baino ordu batzuk lehenago. Soldaduek gas negar-eragileekin eta istiluen aurkako beste tresna batzuekin erreprimitu dituzte manifestariak, protesta-bolada posible bat eragozteko.