Mundua -
Errusia
Errusiako medikuek Navalni Alemaniako ospitale batera eramatea baimendu dute
Errusiako oposizioko burua koman dago ostegunetik, ustez pozoitua izanda; azken datuen arabera, "egonkor" dago.
Agentziak | Erredakzioa
Alexei Navalni Errusiako oposizioko burua Alemaniako ospitale batera eramango dute; izan ere, Omskeko (Errusia) osasun-zentro batean dago, eta zentro horretako medikuek baimena eman dute, ostiral honetan, lekualdaketa gautzatzeko. Navalni koman dago ostegunetik, ustez pozoitua izanda.
Anatoli Kalinichenko Omskeko BSMP-1 Ospitaleko 'bigarrenak' azaldu duenez, entzefalograman islatutako azken datuen arabera, une honetan Navalni "egonkor" dago.
"Mediku-taldearen iritziz, orain badago aukera Navalni lekualdatzeko", esan du, kazetariei egindako adierazpenetan; nolanahi ere, nabarmendu du bidaia familiaren ardurapean egingo dela. Ostiraleko azken orduan iragarri dutenez, lekualdatzea larunbatean egingo dute, Alemaniako mediku-taldeak hala eskatuta.
Horrez gain, zehaztu du ez dutela segituan eramango, ondorengo orduetan baizik: "Mediku-neurri asko ezarri behar dira, bai eta hainbat formalitate legal ere". Hala adierazi du TASS albiste-agentziak.
Familiak Berlinera eramatea nahi zuen
Navalniren senideak ostegunean hasi zitzaizkien eskatzen Errusiako agintariei Berlingo Charite ospitalera eramatea baimen zezatela (zentro hori desintoxikazioan espezializatuta dago), baina Errusiako Gobernuak esana zuen Omskeko medikuen aholkuari egingo ziola kasu, eta azken horiek baztertu zuten lekualdatzea, bidaia "oso arriskutsua" baitzen Navalniren bizitzarako.
Azken orduetan, Navalniren familia Giza Eskubideen Europako Auzitegira ere jo du, Alemaniara eramatea baimenduko zuen kautelazko neurria eskatzea helburu.
Navalni premiaz ospitaleratu zuten; Moskura zihoan, hegazkinez, baina txarto sentitzen hasi zen, eta hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin zuen Omsken.
Kira Yarmishek, Navalniren bozeramailea bera, lehen hasieratik salatu zuen oposizioko burua pozoitua izana zela, aireportuan, tean sartutako substantziaren bat baliatuz. Dena den, medikuek diote diagnostiko nagusia, euren iritziz, "nahasmendu metabolikoren bat" pairatu izatea dela.