Mundua -

Erantzuna Laukoteari

1.000 etxebizitza baino gehiago eraikiko ditu Israelek Jerusalemen

Bake negoziaketak berriz martxan jartzeko Laukotearen proposamenari "Israelen erantzuna" dela adierazi du Saeb Erekat Palestinar Aginte Nazionaleko negoziatzaile buruzagiak.

Mahmud Abbas presidenteak geroz eta presio gehiago du

01:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek 1.100 etxebizitza eraikiko ditu Jerusalemgo hegoaldean. Zona 1967an okupatu zuen Israelek eta palestinarrek lurraldea aldarrikatu dute orduz geroztik. Bake negoziaketak berriz martxan jartzeko Laukotearen proposamenari "Israelen erantzuna" dela adierazi du gaur Saeb Erekat Palestinar Aginte Nazionaleko negoziatzaile buruzagiak.

Israelgo Barne Ministerioak etxebizitzen eraikuntza onartu du gaur. Komunikatu batean, erabakia "gaitzetsi" du Erekatek eta "eskualdeko bake perspektiba ahulak babesteko nazioarteko esfortzuei emandako muturreko" bat dela erantsi du.

Larunbatean, Palestinak NBEri Estatu gisa onartzea eskatu eta ordu gutxi geroago, Madrilgo Laukoteak (AEB, EB, Errusia eta NBE) proposamena luzatu zien Israeli eta Palestinari, hilabete baten buruan negoziaketak berriro martxan jartzeko. Prozesua urte baten buruan bukatu beharko litzateke, 2012an Palestinako Estatua sortuz.

"1.100 etxebizitzekin erantzun die Laukoteari eta Frantziaren Ekimenari Israelek. Israel bakerako bazkide bat dela dioten nazioarteko eragileak barregarri utzi ditu Netanyahuk", gaineratu du Palestinako negoziatzaileak komunikatuan.

Etxebizitzak Guilo auzo juduaren mendi-mazeletan eraikiko dituzte. Bertan 45.000 bizilagun daude eta 1967ko Sei Egunetako Gerraren ostean okupatu zuten. Horrela, etxebizitzak "Beit Yala, Belengo barrutian" eraikiko dituztela gogorarazi du Erekatek. Zisjordaniako beste edozein bezalaxe, hura ere "kolono-gunea" dela esan du Palestinako ordezkariak.

Ashton

Israelen egitasmoa kritikatu du Catherine Ashton Europako diplomaziaren buruzagiak, eta atzera botatzeko eskatu die agintariei.

"Aldeei neurri probokatzaileak saihesteko eskatu diegu, eta ondorioz, kolono-guneekin jarraitzeko erabakia gaur hartu izana deitoratu dut", adierazi du Ashtonek Europako Parlamentuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea