Mundua -

Koronabirusa

Israelek hiru asteko itxialdia ezarriko du gaur, kutsatzeak geldiarazten saiatzeko

Birusaren bigarren olatuan itxialdia ezarri duen lehen herrialdea da. Iragan astean, eguneko 4.000 positiboen langa gainditu zuen.

Israeldar bat, PCR proba egiten ari zaizkiola. Argazkia: EFE
Israeldar bat, PCR proba egiten ari zaizkiola.
Israeldar bat, PCR proba egiten ari zaizkiola. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelen hiru asteko itxialdia ezarriko dute gaur, ostirala, koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko asmoz.

Israelgo Ministroen Kontseiluak igandean onartu zuen neurria, eta 14:00etan sartuko da indarrean; Rosh Hashana (juduen urte berria) ospakizunaren bezperan, hain justu.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, herritarrak ezingo dira euren etxebizitzetatik 500 metro baino urrunago joan, ez bada elikagaiak edo botikak erosteko.

Horrez gain, eskolak itxi dituzte, eta supermerkatu, farmazia eta nahitaezkoak diren beste denda batzuk bakarrik egongo dira zabalik.

Sektore publikoko enpresek euren langile kopurua gutxienera murriztuko dute, eta pribatuek ohiko moduan zabaldu ahalko dute baina ezingo dute bezerorik hartu.

Otoitz egiteko bilkuretan bildu ahal den jende kopurua ere asko txikituko dute: leku itxietan 10 pertsonakoa izango da gehienezko edukiera, eta 20koa espazio irekietan. "Badakit neurri gogorra dela denontzat familiarekin jaiak ezin ospatzea", aitortu du Netanyahuk.

Birusaren hedapena geldiarazi ezinik dabil azken asteetan Israel: iragan astean, eguneko 4.000 positiboen langa gainditu zuen, ospitaleak gainezka daude eta kasu larriak gero eta gehiago dira. Horrenbestez, COVID-19aren bigarren olatuan itxialdia ezarri duen lehen herrialdea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Israel Osasun albisteak Koronabirusa Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?